Herritarron garaia

Aikor aldizkaria 2014ko api. 28a, 15:43

Argazkia: Gaizka Peñafiel

Erantzun ederra baino ederragoa txorierritarrek “Gure esku dago” kanpainari eman diotena. Hala, orain arte antolatu diren ekitaldi guztiak, hala nola Lezaman egin zen aurkezpen ekitaldi nagusia eta txori-martxa, erabat arrakastatsuak izan badira, ekainaren 8an egingo den giza katean ere txorierritar andana handi batek hartuko du parte. Giza kateak Durango eta Iruña lotuko ditu, 123 kilometro orotara, eta guri Uharte Arakilen kilometro bat betetzea dagokigu; 100. kilometroa hain zuzen ere. Antolatzaileek esan diguten moduan, gutxienez 400 lagun behar ziren kilometroa osatzeko, baina haiek espero zuten zifra bikoiztea. Erronka sobera bete dute. “Dagoeneko 940 lagunek eman dute izena, giza katean parte hartzeko. Ea 1.000 lagun izatera ailegatzen garen!”. Beste erronka bat, beraz. Txorierritik 18 edo 19 autobus abiatuko dira Uharte Arakilera. Bitartean, hainbat ekintza antolatuko dira maiatzean zehar, faltatzen direnak animatu eta 1.000 lagunek osatutako koadrila lortzeko. Baita giza kateari begira motorrak berotzen hasteko ere. Maiatzaren 1ean, eguerdiko 12etatik aurrera, kamisetak ipiniko dira salgai Derioko Udaletxeko plazan, eta giza katean izena emateko aukera ere egongo da. Maiatzaren 4rako, irteera antolatu dute Bizkargi mendira eta parte-hartzaile guztiek “Gure esku dago” kanpainako kamiseta janzteko deia egin dute. Bestalde, Sukalki Eguna egingo da maiatzaren 10ean Lezaman, eta egun horretan ere Zamudion antzeztuko den Maskarada aprobetxatuz, kamisetak ipiniko dira salgai eta izena emateko aukera zabalduko da. Jaiek duten jendea batzeko ahalmena ere aprobetxatuko dute eta maiatzaren 17an postutxo bat ipiniko dute Derioko jaietan. Bertan ere kamisetak erosteko eta giza katean parte hartzeko aukera egongo da. Azkenik, maiatzaren 23an afaria egingo dute Sondikan, karaoke eta guzti. “Antolakuntzatik esan behar dugu kanpainak oso erantzun ona eduki duela hasiera-hasieratik. Hala, beste herri batzuetan gertatu ez den bezala, herritarrek eta taldeek hasiera-hasieratik egin dute bat harekin, erreferente bihurtu gaituen lan aparta eginez. Herritarron garaia da. Mila esker denoi eta ongi etorri bero bat datozen egunotan izena emango duzuen guztiei”.