Pazko jaien atarian

Aikor aldizkaria 2014ko mai. 22a, 10:38

Jai-batzordeak egitarau zabala antolatu dau ekainaren 6tik 9ra arteko egunetarako. Besteak beste, boxeoa, sukalki txapelketea, zaldien oztopo lehiaketea eta musika emonaldiak izango dira. Zamudioztarrek ekainaren 6an, barikua, botako dabe txupinazoa, eta halan hasierea emongo deutsee aurtengo Pazko jaiei. Aldekoa herriko boxeo taldeak boxeo-emonaldi bat antolatu dau egun horretarako. Guztira, bederatzi burrukaldi egingo dira eta klubeko bost kidek hartuko dabe parte bertan: Manu Ocampo, Denis Meno, Aimar Beika, Yeray Bermejo eta Rida Ramdome. Gainerako boxeolariak Bizkaiko beste klubetakoak dira. Burrukaldiak eskola zaharrean egingo dira, eta han be eskiniko da perretxiko jana. Xaiko, Urtz eta Urrats taldeek kontzertua emongo dabe plazan. Hamar urteko geldialdiaren ostean, Urtz taldea estudioan sartu zan igaz bere zazpigarren beharra grabetako. Zamudion aukerea eukiko dogu Donostiako musikarien disko barria ezagutzeko, eta taldearen abesti mitikoak gogora ekarteko. Sukalki txapelketaz gainera, zaldien oztopo lasterketea eta azoka solidarioa egingo dira Bidekoetxe parkean. Azoka solidarioa Lagunandre alkartearen ekimena da eta, azaldu deuskuen moduan, han prezio solidario baten ipiniko dabez salgai zenbait gauza: kideek eginiko eskulanak, erabilten ez diran tresnak... Gainera, baten batek kolaborau gura badau ekintzeagaz, hurrengo egunotan alkartera eroan ahal izango ditu gauzak, gero azokan salgai ipinteko. Batzen dan dirua Gure Señeak Derioko alkarteari emongo deutsie. Arrastian, dantza agerraldia eta hip-hop emonaldia egingo dira. Eta eleizan abesbatza honeek eskiniko dabe kontzertua: Zamudioko Kamara Korala, Garaizarko Mahatsorriak (Bilbo), Gaztelumendi abesbatza (Larrabetzu) eta Itxartu abesbatza (Algorta). Plazako eszenatokian, Kauta, Itziarren Semeak eta Dj Bull arituko dira. Domekan, goiz-goizean, txokolatadea egingo da oraindik oheratu ez diranentzat eta ohetik goiz altzau diranentzat. Pelota partidak be egongo dira. Arbolantxa alkarteko pelotariak arituko dira norgehiagoka pilotalekuan, eta zaletu mailako partidak be jokatuko dira. Arrastian, Espaloian proiektua aurkeztuko da plazan, Itoiz taldearen omenez osatu dana. Jaiak astelehenean amaituko dira. Goizean, mezea eta kopaua egingo dira, eta arrastian, karta txapelketea Adintsuen Etxean. Jai-egitaraua Ekainak 6, barikua 19:00: Txupinazoa eta kalejirea. Karameluak. 20:00: Boxeo-emonaldia, eskola zaharrean. 20:00: Perretxiko jana, eskola zaharrean. 20:30: Kantu-triki-poteoa, plazan. 23:00: Kontzertuak: Xaiko + Urtz + Urrats. Ekainak 7, zapatua 09:00: Sukalki txapelketan izena emotea, Bidekoetxe parkean. 10:00: Zaldien oztopo lasterketea, Bidekoetxe parkean. 11:00: Azoka solidarioa, Bidekoetxe parkean. 14:00: Sukalki txapelketako sariak banatzea. 15:00: Dj Jon Illamosas. 18:00: Dantza-agerraldia, eskolan. 20:30: Abesbatzen emonaldia, eleizan. 21:30: Hip-hop emonaldia, Gazte Estazinoan. 23:00: Kontzertuak: Kauta + Itziarren semeak + Dj Bull. Ekainak 8, domeka 07:00: Txokolatadea, txosnetan. 11:00: Pelota partidak, pilotalekuan. 12:00: Kalejirea. 18:00: Txitxarrilloa. 20:30: Kantaldia: Espaloian, plazan. Ekainak 9, astelehena 12:00: Mezea. Ostean, kopaua eleiza atarian. 16:00: Karta txapelketea, Adintsuen Etxean.