Testua: Lesley Sims
Marrazkiak: Laure Fournier
Argitaletxea: Ttarttalo
Irakurketaren munduan sartzen ari diren umeentzako istorio hau, Namibiako herri-ipuin batean oinarrituta dago: munduan izan zen lehenengo zebraren marrak nola sortu ziren kontatzen digu.
Afrikan esaten denez, aspaldi, lurra gaztea, beroa eta lehorra zenean, oso ur gutxi zegoen. Bazen ur-putzu bat, animalia guztiek desio zutena. Baina, behin batean, tximino bat etorri zen ur-putzura, eta hango jaun eta jabe egin zen. Ura edan nahi zuen animaliaren bat etortzen zenean, sua pizten zuen, eta ikaratu egiten zuen. Ura berea zela esaten zuen. Egunak etorri eta gauak joan, animaliek gero eta egarri handiagoa zuten, tximino krudelaren erruz.
Goiz batean, zebra bat agertu zen putzura, bidaia luzea egin ondoren egarria asetzeko. Mundua gaztea zenean, zebrek ez zuten marrarik oraindik; larru zuri-zuria zuten. Zebra zuria uretara hurbiltzen ari zela, tximinoa saltoka hasi zen, haserre, eta joateko esan zion, uraren jabea zela esanez. Baina zebra ez zen ikaratu, eta ura guztiena zela erantzun zion. Horrek izugarri haserrarazi zuen tximinoa, eta zebrarekin borrokan hasi zen. Tximinoak indarra eta hortz zorrotzak erabili zituen, eta zebrak ostikadaka erantzun zion. Ostikada indartsu batek, hegaz bidali zuen tximinoa. Hain gora joan zen ezen, lurrera heldu zenean, sua pizteko erabili zituen adarren gainera erori baitzen. Adarretako batzuk zebraren gainera jausi ziren, eta horrela egin zitzaizkion marra beltzak. Eta horregatik dute egun hartatik, tximinoek ipurdi gorria.