Berrirakurketak

Aikor aldizkaria 2014ko uzt. 24a, 09:39

t: Jose Angel Mentxaka

Aspaldian irakurritako liburuak berrirakurtzeko gogoa izaten da noizbehinka. Baina zein? Nik neuk hiru liburu “mardul” dauzkat berrirakurrita; hirurak, lodi-lodiak. Zergatik horiek? Duda barik, zerbait utzi dutelako nigan. Hauek dira: -Joxe Austin Arrietaren Manu militari (Elkar, 1987). Oso aspaldian lehen aldiz irakurri nuen liburua da, eta kontatzeko era bereziak eta erregistro ezberdinek erakarri ninduten. Egia esan, berriro irakurri ostean, hainbat urte pasa eta gero, ez nau hainbeste liluratu. -Joseba Sarrionaindiaren Lagun izoztua (Elkar, 2001). Hau bai berriro erakarri nauela eta berandu baino lehen hirugarrenez ekingo diot. Ea barneratuta dauzkadan istorioaren irudiek intentsitate berbera daukaten berriro nigan: Kalaportuko umezaroa, oihanaren sargorian izoztutako erbesteratua, etxe euskaldun isolatua, eta bereziki Antartika hotzera doa belaontziaren irudia. -Joan Mari Irigoienen Lur bat haratago (Elkar, 2000). Ahalegin apur bat handiagoa eskatzen du honek, baina hasieran bakarrik. Jarraitu ahala harritu eta gozatu egiten nuen ia orrialde osoko esaldi luze bakarrak erraz irakurtzen; Axularren ereduaren erara. Kontrakoa eman arren, erraz ulertzen den nobela historiko erakargarria da, XVII. mendeko Nafarroako mendialdean kokatua. Orduko –eta oraingoko?– munduen arteko talkak eta aukeratu beharra: Gaztela ala Nafarroa, erlijioa ala zientzia, tradizioa ala modernitatea, etxe-lurra ala itsaso zabala, guraso hertsiak ala osaba Juanikot askatasunzalea... Aipatutakoak dira, beraz, nire gomendioak; liburu luzeak eta sakonak. Baina zerbait laburragoa eta arinagoa irakurri nahi izanez gero, badago non aukeratu... AIKOR! aldizkaria hilero irakurtzea ere ez da aukera txarra.