Irakurtzea gustatzen zaigunok badakigu zein garrantzitsua den liburu egokiak aukeratzea, eta gure umeengan zaletasun hori bultzatzea ez dela lan erraza. Txikiak direnean gurasook aukeratzen dizkiegu liburuak eta haiekin irakurri ere egiten dugu. Baina koskortu ahala aldatzen da kontua. Haiek bakarrik irakurtzen hasten dira eta, gainontzeko gauza guztietan moduan, argi dituzte euren gustuak. Beraz, irakurtzeko gogoa piztea nahi badugu, liburu asko eskaini behar dizkiegu gogoko dituztenak aukera ditzaten. Gainera, gurasook kontuan hartu behar dugu liburu bat ez gustatzea eta irakurtzea ez gustatzea ez direla gauza bera, eta komeni da ideia biak ez nahastea.
Irakurtzea txikitatik oso atsegin izan baduzu, bizitza osorako izango duzu bizio lagungarria, ikasteko, erlaxatzeko, amesteko… Baina adi!, bat-bateko maitemin hori lortzeko, ezinbestekoa baita liburu egoki bat aukeratzea. Nik zazpi urtetik 11 urtera bitarteko umeei zuzendutako liburu bat proposatu nahi dizuet: Ferno, Suzko herensugea. Adam Bladek idatzi du eta bilduma arrakastatsu baten lehenengo emanaldia da. Esandako adin-tarteko neska-mutilei asko gustatzen zaizkien izaki mitologikoei eta zaldunei buruzkoa da. Tom abentura honetako protagonista eta heroia da eta Ferno herensugearen kontra borrokatu beharko du, bere herria salbatzeko. Pertsonaia gaizto bat ere badago, Marvel azti gaiztoa, Avantia suntsitzeko pizti magikoak sorgindu dituena. Liburuaren amaieran hurrengo abenturaren lehen atala dago, baita karta bat ere, jolasteko eta bilduma osatzeko.
Nik liburua irakurri dut eta ohartu egin naiz inguruko umeei asko gustatzen zaiela. Ferno bildumaren lehena da, baina badaude beste 27 abentura aukeran. Seme-alabei eskaintzen dizkiezuen liburuen artean, kontuan hartu nire proposamena, ea baliagarria den zuentzat!