Erraiak, Danele Sarriugarte (Elkar, 2014)

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 19a, 09:07
t: Txerra Rodriguez
Liburu gordinaz erditu da Danele Sarriugarte. Bere lehen eleberriarekin indartsu sartu da gure letren panoraman. Haize freskoa ekarri duela esango nuke. Eta ez da gutxi. Meritua du liburuak. Ia ez du istoriorik, monologo luze bat da, oharrez eta esaldi luzez beteta dago. Eta, hala ere, narrazioak harrapatu egiten zaitu, goitik behera. Ausart jokatu du egileak, eta emaitza paregabea lortu. Emakume baten bizitza sentimental eta sexuala da istorioaren muina. Hogeita hamar urte inguruko emakume baten bizitza. Ezelako lotsa eta erreparorik gabe jarduten du: natural-natural. Ez nuke esango sexuari buruz euskaraz idaztea tabua izan denik orain arte. Ez, baina oso salbuespen gutxi daude. Eta Danelek, nire ustez, lortzen du benetakotasuna harreman sentimentalak marrazten, patxadaz eta gordin antzean marrazten baditu ere. Gaia ez ezik, idazkera ere berezia du liburuak. Bitxi egiten da hasieran Danele Sarriugartek darabilen estiloa. Izan ere, esaldi luze-luzeak erabiltzen ditu, puntu eta koma gutxi, eta oharrak (joan-etorrian ibiltzera behartzen bazaitu ere, oharretan harribitxi askotxo dago). Baina horrek ez gaitu kikildu behar. Istorioa hain da erakargarria non azkenean gustua ere hartuko diozun egilearen estiloari. Ez zaizu damutuko. Amaitzeko aitorpen txiki bat egin nahi dut, irakurle. Goiko hitzak nireak dira, nire sentitzen ditudalako. Baina internetetik kopiatu ditut (guztiz ez, batzuk nireak dira). Euskarazko liburuen gainean irakurleek egindako kritikak batzen ditu 111 akademiak. Irakurletik irakurlera egindako kritikak, hain zuzen ere. Euskarazko liburu bat irakurri aurretik, nire gomendioa da hara sartzea eta beste irakurleek esandakoa irakurtzea (eta haiei kasu egitea). Baietz mundu berri liluragarriak deskubritu! http://www.111akademia.com/

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).