Merkatari alkarteek hainbat kanpaina ipini dabez martxan, bezeroen fideltasuna saritzeko eta bertoko merkataritzea bultzatzeko.
Emoten dau atzo izan zala udako arropea gorde eta Gabonetarako oraindino asko geratzen zala pentsau genduanean. Halanda be, Gabonen atarian gagoz eta beste behin hasi beharko dogu aparteko erosketetan eta gastuetan pentsaten.
Gauzak argi daukaguzala ala idea barik gabilzala, hamaika aukera topaten doguz Txorierrin bertan. Bai, hamaika aukera, gure bailarea merkataritza-gune handia be badalako eta danetarik eskaintzen deuskulako. Gainera, etxean erosteak bestelako abantailak dakarguz, esate baterako, hurbiltasuna, kalidadea, tratu pertsonalizatua eta prezio onak; eta, aitatutakoa gitxi balitz, bertoko ekonomia pizten laguntzen dogu.
Liburuak, jostailuak, arropea, bitxiak, ile-apaindegietan eta edertasun-zentroetan gastetako bono-opariak, masajea, txakolina, lorak... eta bururatzen jakun guztia daukagu bertan eta gure esku. Otorduei begira egin beharreko erosketak be herriko janari-dendetan egin daikeguz, eta, era berean, gure jatetxe edo taberna gustukoenagaz ipini gaitekez harremanetan, hainbeste gustetan jakun pintxo edo plater hori prestau daiskuen. Baina, Txorierrin bertan erosteak askoz abantaila handiagoak daukaz oraindino be, gure merkatari alkarteek hainbat kanpaina ipini dabezalako martxan, euren bezeroen fideltasuna saritzeko eta herriko merkataritzea bultzatzeko.
Sondikan bertan alkarteak, adibidez, igaz asmatutako ekintza berari ekingo deutso aurten be bai. Azaldu deuskuen moduan, txartel batzuk banatuko dabez alkartearen barruan dagozan saltokietan. Txarteletan alkartearen izena ageri da, baina “berton” berbea osatu beharko da. Erosleek gitxienez lau euroko erosketea egin beharko dabe, eta, horren truke, hizki bat ipiniko deutsee txartelean. Halanda be, saltokiek ez dabez hizki guztiak eukiko, bakotxari bat egokituko jako. Halan, erosleak beste denda batzuetan be egin beharko dauz erosketak, berbea osatu ahal izateko. Berbea osatzen danean, txartela kutxa baten itxi beharko da, eta erosleak 250 euroko txeke baten zozketan hartuko dau parte. “Dirua alkartearen barruan dagozan saltokietan gastau beharko da. Igazko kanpainea nahiko ondo atera zan eta espero dogu aurten askoz hobeto joatea. Kanpainea urtarrilaren 5era arte egongo da indarrean eta irabazleari Erregeen Kabalgatan emongo deutsagu saria”.
Lezama Saretzen alkarteak be erosketa-txartelak banatuko dauz bere bezeroen artean. Azaldu deuskuen moduan, saltoki bakotxean 20 euroko txartel bat zozketatuko da. “Sustapena alkartekide diran establezimendu guztietan egingo da. Erosleek zozketan parte hartzeko txartel bat jasoko dabe erosketa bat egiten daben bakotxean, eta ez da beharrezkoa izango gitxieneko diru-kopurua gastatzea”. Txartela bete eta establezimendu bakotxean egongo den kutxan itxi beharko da. Zozketea abenduaren 22an izango da. Horrezaz gainera, saltokiak era berezian apainduko dira.
Beste alde batetik, eta Gabonetako kanpainatik kanpo, Lezama Saretzen alkarteak bezeroen fidelizaziorako txartel bat aterako dau laster. “Helburua erosketak herrian egiten dabezanak saritzea da. Gitxienez 20 euroko erosketea egin beharko dabe eta horreetako bat egiten daben bakotxean zigilu bat ipiniko jake txartelean. Bost zigilu lortzen dabezanean, bost euroko beherapena eukiko dabe hurrengo erosketan”.
Guztiontzako onurea
Bizi Zamudio alkarteak opariak banatuko dauz bere bezeroen artean. Bezeroek gitxienez hiru establezimendutan egin beharko dabez erosketak eta guztira 100 euro gastetan badabe, bidaia-tapaki bat edo erosketarako orga bat emongo deutsee saritzat. Berrogeta hamar euro gastetan badabe, aterki tolesgarri bat. Sustapena abenduan zehar eta artikuluak agortu arte egongo da indarrean. “Erosketak gitxienez hiru saltokitan egin behar izateak dendari guztioi ekarten deusku onura, kanpainaz establezimendurik gehienak baliau ahal diralako. Gainera, erosketak alkartearen barruan dagozan gura beste saltokietan egin daitekez. Bezeroentzat be bada onuragarria, zozketarik egingo ez danez, opari segurua eukiko dabelako”.
Danerik Paraje! Derioko merkatarien alkartea beharrean urte gehien dabilena da. Haren barruan dagozan negozioek jakin izan dabe herriko bezeroak ez ezik Txorierriko gainontzeko herritarrak be erakarten eta fidelizatzen. Euren ibilpide luzean hainbat kanpaina eta sustapen bultzatu dabe. Aurtengo Gabonei begira, 500 euroko bost txeke zozketatuko dabez alkartearen kideen saltokietan erosketak egiten dabezanen artean. Kanpaina derioztarrei zein txorierritar guztiei eta bisitariei, bertako enpresetako langileei... dago zuzenduta. “Kanpaina azaroan ipini dogu martxan eta abenduan be egongo da indarrean. Parte hartu ahal izateko, gitxienez alkartekideak diran hiru establezimendutan egin beharko dira erosketak eta bakotxean 10 euro gastau”.
Txekeak zozketatzeaz gainera, erakusleihoen txapelketea be egingo dabe. “Gaia Gabonak izango da eta hiru sari emongo dabez: erakusleihorik landuena, argiztapen handiena dauana eta orijinalena. Era berean, kategoria bakotxean emon diran botoen artean bat aterako da, eta horrek 50 euroko txekea jasoko dau saritzat. Txapelketa irabazten dabenek diploma bana jasoko dabe”. Txekeetako dirua alkarteko establezimenduetan gastau beharko da.
Diplomak eta txekeak abenduaren 29an, iluntzeko 8:30ean, Kultur Birikan egingo dan Gabonetako galan banatuko dira. “Oso berezia izango da. Kultur Birika dotore-dotore apainduko dogu eta ekitaldira Txorierriko alkarteetako eta erakundeetako ordezkariak konbidatuko doguz. Ikuskizunak be egongo dira”.
Azaldu deuskuenaren arabera, halako kanpainak eta sustapenak antolatzea merezi dau eta beharrak badauka bere frutua. “Egoera ona ez dan arren, eta gero eta estuago bagagoz be, esfortzu bat egin gura izan dogu gure bezeroak eta euren fideltasuna saritzeko”. Izan be, Txorierrin, etxean, erosteak badaukaz abantailak eta sariak. Jarraitu daigun, bada, gurea sustatzen, bailarako bizitzea dinamizatzen eta herria egiten.