Kandelek piztu dute euskararen garra Derion

Aikor aldizkaria 2014ko abe. 16a, 09:40

Testua: Bestorrene; argazkiak: Derioko plaza

Abenduaren 3an izan zen Euskararen Nazioarteko Eguna, baina Euskararen Eguna gaur ere bada, eta bihar, eta etzi. Izan ere, euskarak gutxienez 365 egun ditu urtean. Eta hori gogorarazi nahi izan zuten Tximintx euskara elkartekoek. Ekitaldi xume baina hunkigarria egin zuten abenduaren 3an, Kultur Birikan. Kiribila osatu zuten bertaratutakoek, espirala. Erdigunetik hasi eta biribilka kanporantz irekiz. Erdikoak kandela piztu eta ondokoari transmititu zion sua, eta horrela amaieraraino. Denen artean euskararen garra piztuz Derion, kandelaz kandela. Zentzu berezia du espirala osatzeak. Derion euskaldunak barrutik kanpora trinkotzen ari direla irudikatu nahi izan zuten, barrutik kanpora euskaldunen komunitatea osatzen ari direla, hain zuzen ere. Erdigune trinkoa eta kanpora zabalik dagoena. Ehundik gora pertsona batu ziren ekimenean, haur, gazte eta heldu. Baina haien artetik batzuk nabarmendu nahi izan zituzten Tximintxekoek. Derion euskaltasuna bizitzeko modu asko daudela erakutsi nahi izan ziguten. Eta, horregatik, zazpi derioztar gonbidatu zituzten. Euskara transmititu dutenak, euskaraz bizi direnak, euskara ikasten ari direnak eta euskara egingo dutenak: Jose Mari Berreteaga, Eustaki Orroño, Zigor Mediavilla, Nagore Robles, Natalia Duran, Haizea Malaina eta Hodei Jimenez. Sua piztu ostean, Urko Aristik Euskararen Egunerako idatzitako manifestua irakurri zuten Tximintxeko kideek, eta txalo handi batekin amaitu zen ekitaldia. Ondoren, photocoll-a paratu zen Birikan, eta taldeek zein norbanakoek hainbat argazki egin zituzten Euskarak 365 egun leloa zuten kartelak eskuetan zituztela. Bideoa ere grabatu zuten Tximintxekoek. Oraindik ez dute plazaratu, baina denbora gutxi barru zabalduko dute, egunean bertan grabatutakoak denoi eskaini guran.