Koikili Aterpetxeak ateak zabaldu barri dauz Otxandion. Itzarri Taldearen egitasmo barritzaile bat da, eta turismo aktiboa sustatzea dau helburu. Horretarako, naturea, ondarea, atsedena eta euskara buztartuko dauz.
Koikili Aterpetxea Otxandioko erdigunean dago kokatuta, alde zaharraren bihotzean. Mendiak inguratuta, lekuak parekorik ez dauan paradisu natural bat eskaintzen deusku, inguruaz disfrutetako eta bere ondarea ezagutzeko.
Hotel/ostatu izaerea dauan aterpetxe bat da: 300 metro koadrokoa eta, behekaldeaz gainera, hiru solairu daukana. Hogeita hamabi lagunentzako tokia dau, eta, besteak beste, logela pribaduak zein konpartituak, jangelea, sukaldea, irakurtzeko txokoa eta atsedena hartzeko gunea atondu dira bertan. Eraikinak igongailua be badau eta ezinduentzat egokituta dago.
Baina Koikili Aterpetxea atsedena hartzea baino gehiago eskaintzen dauan toki bat da. Halan, turismo aktiboa ardaztzat daukala, aukera sorta zabala ipinten dau bere bezeroen eskura. “Ezberdintzen gaituen ezaugarria kirolagaz zein naturagaz daukagun harremana da. Ibiltaldi gidauak eskaintzen doguz, oinez zein bizikletaz egin ahal diranak, Otxandioko pasaiaz modu osasuntsu batean disfrutetako eta bertoko altxorrak, gure basoak, zuzenean ezagutzeko. Era berean, gure gidariek Otxandioko historian murgiltzeko aukerea emongo deuskue, herriaren bilakaerea eta monumenturik garrantzitsuenak ezagutzeko”.
Ikastaroak be eskaintzen dabez Koikili Aterpetxean. Alde batetik, mikologiaren gaineko ikastaroa egin daikegu bertan. Onddoak mahai gainean ipini eta hareek sailkatzen ikasiko dogu. Zelan kozinatu be azalduko deuskue, eta ale batzuk emongo deuskuez etxera eroateko eta ikasitakoa praktikan ipinteko. Beste alde batetik, garapen pertsonalerako ikastaroa be emoten dabe, eta barnetegi zerbitzua eskaintzen deutsee euskerea ikasten dabilzanei zein euskaltegiei. Otxandioko euskalkiaren berezitasunak ikasteko tailerrak eta berbaldiak be antolatzen dabez.
Esperientziak partekatzea
Geure burua zaindu eta erlaxatzeko momentua be topau daikegu aterpetxean. Izan be, bainu turkoa eta kontraste-dutxak erabilteaz gainera, masaje bat edo erlaxatzeko terapia bat eskatu ahalko dogu. Baita basoko zaporea ahora eroan be, Koikili Aterpetxean onddoak erabilita egindako zenbait produktu eskaintzen dabezalako gosarietan. Gainera, eguneroko hamarretakoa ez ezik landa-pintxo bereziak be prestaten dabez.
Zerbitzuak profil ezbardinetako lagunengan pentsatuz diseinau dabez, eta familiei, lagunei zein talde handiei dagoz zuzenduta. “Sustatzen dogun turismo-eredua gure enpresa-balioei dago lotuta: euskara, kirola, pertsonak eta naturea. Eta gurean balio horreekaz bat egiten daben lagunak batu gura doguz”. Horren haritik, partekatzea aterpetxearen beste ezaugarrietako bat da, eta egitasmoaren sustatzaileek bezeroakaz esperientziak partekatu eta istorioak sortzea be badaukie helburu. “Aterpetxe hau ohiko landa-turismoaren alternatiba moduan sortu da eta gure ereduagaz turismo aktiboa sustatu gura dogu, aterpetxe-turismo barritzailea, hain zuzen be”
Lagun arteko inaugurazinoa
Koikili Aterpetxea abenduaren 4an inaugurau eben, eta egun osoan zehar hainbat bisitaldi antolatu ebezan, herritarrek zein lagunek instalazinoak ezagutu eiezan. Horrezaz gainera, goizean bilera bat egin eben kulturaren eta turismoaren inguruko hainbat agentegaz, esperientziak eta eretxiak partekatzeko, eta arratsaldean kultura eta kirol munduko lagunak hurbildu ziran aterpetxera. Horreen artean, Maider Unda, Martin Fiz eta Marino Lejarreta egon ziran. Konbidatuei onddoak protagonista izan ziran kopau berezi bat eskini eutseen. Musikea be protagonistea izan zan eta Alex Sarduik eta Mikel Caballerok, Gatibu taldekoek, kontzertu akustiko txiki bat emon eben.