Eguraldi ona jai-batzordetik azaldu deuskuen moduan, helburua jaietan herritar guztiek parte hartzea da, umeek zein gazteek eta nagusiek. Eta horretarako, jai-egitarau zabala antolatu dabe, adin eta gustu guztiei zuzenduta.
Jaiei maiatzaren 22an, barikuan, emongo deutsee hasierea. Txupinazoa, kalejirea eta perretxiko jana egongo dira egun horretan. “Egun polita izan ohi da, plazan jentetza batzen garalako. Modu polita da jaiei hasierea emoteko”. Musikea Txarango, Ze Esatek eta Gozategi taldeek ipiniko dabe. Zalantza barik, egun handiena zapatua izango da. Urteak dira egun horretarako Sukalki txapelketea antolatzen dala eta egun osoan zehar giro ederra dago Bidekoetxe parkean. Giro ederra eta usain goxoa. “Umeentzako jolasak eta hipika probea be egingo dira. Azken horrek arrakasta handia izaten dau. Jente asko batzen da eta, gainera, umeek aukerea dabe zaldi gainean ibilteko”. Arratsaldean, slaloma, dantzen agerraldia eta abesbatzen kontzertua egongo dira. Kontzertuak Lain, Kartzarot eta Garilak 26 taldeen eskutik izango dira. “Egun osoan zehar egoten dan parte-hartzea azpimarratzekoa da. Gainera, herriko alkarte batzuk be ekintzak-eta antolatzen dabez, inplikazino handia daukie, eta hori be eskertzekoa da”.
Polito pasau
Zapatuko ajearen ostean, frontoira joan beharko da domekan, pelota partiduak egongo diralako, ume eta senior kategorian. “Bestalde, falkoneria erakustaldia antolatuko da lehenengo aldiz. Ordubete inguruko saioa da, eta oso ikusgarria. Benetan merezi dau Sabino Arana plazaraino hurbildu eta ikuskizunaz disfrutatea”. Umorezko bakarrizketa batek amaierea emongo deutso domekako ekitaldiei. Astelehenean, mezea, kopaua eta karta txapelketea izango dira.
“Zamudioztarrak eta inguruko lagunak animau gura doguz Pazko jaietara etortera. Guztiontzako ekintzak topauko dabez berton, eta hainbat aukera eukiko dabe familian zein lagunen artean polito pasateko”.
Jai-egitaraua
Maiatzak 22, barikua
19:00: Txupinazoa eta gozokiak, Sabino Arana plazan.
19:00: Kalejirea, Bertokogaz eta Zamudioko txistulariakaz.
20:00: Perretxiko jana, Sabino Arana plazan.
20:00: Brincadeiro taldea, kaleetatik zehar.
23:30: Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Txarango, Ze Esatek eta Gozategi.
Maiatzak 23, zapatua
09:00: Sukalki Txapelketan izena emotea, Bidekoetxe parkean.
10:00: Hipika probea, Bidekoetxe parkean.
11:00: Umeentzako jolasak, Bidekoetxe parkean.
14:00: Sukalki Txapelketearen sariak banatzea, Bidekoetxe parkean.
15:30: Slalom-a, Torrelarragoitin. Zamudio Racing Elkarteak antolatua.
16:30: “Dantza plazara”, Oskizola taldeagaz. Bidekoetxe parkean.
18:30: Euskal dantzak, Hiru Bat dantza taldearen eskutik. Eskolan.
20:00: Abesbatzen kontzertua, San Martin eleizan: Zamudioko Kamara Korala, Enarmonia (Zaragoza), Zozoak Abesbatza (Getxo) eta Mundakako abesbatzea.
23:30: Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Lain, Kartzarot eta Garilak 26.
Maiatzak 24, domeka
Fanfarrea, kaleetatik zehar.
10:00: Umeen pelota partiduak, Arbolantxa pelota eskolaren eskutik.
11:00: Mezea, San Martin eleizan.
12:30: Senior mailako pelota partiduak. Arbolantxa pelota eskolaren eskutik. Aurtenetxe – Olalde vs. Beitia – Bilbao.
13:15: Falkoneria erakustaldia, Sabino Arana plazan.
18:00: A gusto umorezko bakarrizketea, Sabino Arana plazan.
Maiatzak 25, astelehena
12:00: Mezea, San Martin eleizan. Ostean, kopaua eleizpean.
16:00: Karta txapelketea, Adintsuen Etxean.