Igotz López Torre, Zamudioko EAJko alkategaia: “Zamudioztar guztiek lana izatea da gure lehentasuna”

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 5a, 14:25
Zeintzuk dira zure herriak dituen beharrizanak? Gehien arduratzen gaituena, normala denez, langabezia da; zamudioztar guztiek lana izatea nahi dugu. Hori da lehen eta oinarrizko beharrizana. Eta zure alderdiak datozen lau urteei begira aurrera eramango dituen ildo nagusiak? Esan bezala, zamudioztarren lana eta formakuntza sustatzeko, bertoko enpresekin harreman zuzena eta konfiantzazkoa izaten jarraitu nahi dugu. Eta zer esanik ez, merkatari txikiei ere gure laguntza eta bultzada emango diegu. Badakigu garai latzak direla pertsona askorentzat, horregatik gizarte ekintzan aurrera egiteko apustua ere egingo dugu, zerbitzuak indartuz. Era berean, berritzaileak izan nahi dugu jasangarritasunean, birziklatzean, teknologian, gardentasunean eta beste hainbeste gaitan. Ildo nagusi horien haritik, herrian, zein proiektu egiteko asmoa duzue? Asko eta askotarikoak. Txorierri etorbidean zehar, Derio zein Lezamara heltzeko bidegorria egiteko gogotsu nago. Inguru­giro atseginagoa lortzeko, mugikortasun jasangarria izateko eta gure txirrindulari eta oinezkoak alboko herrietara segurtasunez joan ahal izateko. Zeren, Zamudioz gain Txorierri gara eta gure herriak elkarturik egotea nahi dugu. Bestalde, herri erdiguneari sarrera berri bat eman nahi diogu Bidekoetxe parketik; lurpeko aparkaleku berri bat egin; eta estalitako plaza bat kultur etxean, gure gazteak han jolasteko, eta bertan ere ekintzak egiteko. Gure auzoetan ere hobekuntzak egiten jarraitu nahi dugu, auzokideei bizitza erraztu eta bizi-kalitatea ematen dieten lan txiki eta handiagoak burutuz. Eta kultur arloan? Zamudioko bizitza kulturalaren eta aisialdiaren aldeko apustua egiten, eta arlo horiek handitzen segituko dugu, kultur eta kirol arloko ikastaroak eta jarduerak sendotuz eta areagotuz. Beste alde batetik, ikastaro berri guztiak euskaraz ere eskaini nahi ditugu, denok eduki ditzagun eskaintzak gure hizkuntzan, eta ez bakarrik gazteenek. Nolako lantaldea izango da zurea? Egunotan taldekideok elkarrekin lanean buru-belarri gabiltzala, giro ederra eta lan egiteko gogo handia sumatzen dut, benetan ilusio handia herriarentzat lanean legealdi berri bat hasteko. Diziplina askotako gizon emakumeak gara, era askotako profil pertsonal eta profesionalez osotutakoa, baina helburu bakarra daukana: zamudioztarren alde zintzotasunez lan egitea. Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza? Lanari ekin zamudioztar guztiak lana eduki dezaten eta Zamudion bizitzeaz arro sentitu daitezen. Hurbiletik Igotz López Torre Bilbon jaio zen 1974an, eta ezkonberritan Mundaka eta Mungiaren artean eman zituen bost urteak izan ezik, beti Zamudion bizi izan da. Zuzenbidean lizentziatua da eta bankaria izan da urte askotan. 2007ko legegintzaldian hasi zuen bere udal-ibilbidea Zamudioko Kultura zi­negotzi moduan, eta 2011an hartu zuen alkatearen makila. Ekintzailea, eraginkortasunez ekiten dio arazoak konpontzeari eta jarrera irekia du beti. Azken urteotan hasitako proiektuari “jarraipena emateko gogotsu” dagoela dio; eta bere lanari buruz, hurrengoa: “ohorea izateaz gain, alkatearen lanak ardura handia suposatzen du; ardura horri seriotasunez eta profesionaltasunez egitea dut helburu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).