Nahiz eta Derion boza gehien jaso, EAJk gehiengo osoa galdu du bertan
Atzo udal eta foru hauteskundeak izan ziren. Txorierrin, EAJk alkatetzari eutsi dio Loiun, Sondikan, Zamudion eta Lezaman. Derion boza gehien lortu duen alderdia izan arren, ez du gehiengo osoa lortu, eta ituna egin beharko du beste alderdiekin. EH Bilduk Larrabetzuko alkatetzan jarraituko du.
Herrika, EAJk zinegotzi bat gehiago lortu du Loiun eta Sondikan; eta beste bi gehiago, Larrabetzun. Hala ere, zinegotzi bat galdu du Derion. Zamudion eta Lezaman, zinegotzi-kopuru bera mantendu du. EH Bilduk zinegotzi bat gehiago eskuratu du Derion, eta zinegotzi bat galdu du Loiun. Gainontzeko herrietan, zinegotzi kopuru bera mantendu dute.
Bestalde, PSOEk zinegotzi bat gehiago lortu du Derion, eta Sondikan zuen zinegotzia mantendu du. PPk Derion eta Sondikan zuen zinegotzi bana galdu du, eta Loiukoa mantendu du.
Tauletan, Erandioko datuak ere ipini ditugu Erandiogoikoko irakurleentzat interesgarriak direlakoan. Bertan EAJk irabazi ditu hauteskundeak. Ganemos Erandiok boto gehien jaso duen bigarren alderdia izan da eta lehenengo aldiz izango ditu ordezkariak Erandion. EH Bilduk, PSOEk eta PPk ere izango dituzte zinegotziak Udalean.
Batzar Nagusiei dagokienez, EAJk 23 batzarkide lortu ditu Bizkaian; EH Bilduk, 11; Podemosek, sei; PSOEk, zazpi; eta PPk, lau.