Izenburua: Ulysses Moore - Denboraren atea
Idazlea: Pierdominico Baccalario
Marrazkilaria: Iacopo Bruno
Itzulpena: Aitor Arana
Argitaletxea: Mezulari
Orrialde kopurua: 221
Edizio urtea: 2011
Adina: 12 urtetik gora
Liburu hau Ulysses Moore bildumako lehena da. Bilduma hori 12 ataletan dago banatuta.
Abenturazko liburu baten osagai guztiak agertzen zaizkigu istorio honetan: liburu zaharrak, deszifratu beharreko mezuak, sekula ere ireki ez den ate ezkutu bat, pasabide ilun eta arriskutsuak, zarata ezezagunak, abandonatutako itsasontzia… Pertsonaia nagusiak oso erraz irudika daitezkeen deskripzioen bidez bereiz ditzakegu: alde batetik, hiru neska-mutiko, Jason, Julia eta Rick, abenturak izateko irrikan; eta bestetik, itsaslabarraren ertz-ertzeko etxea, giltzaz itxitako gela misteriotsuz beteta. Istorioa egun bakar batean gertatzen da eta beste abentura baten atarian utziko gaitu… gehiago jakiteko irrikan.
Liburu atsegina da, fantasiaz blai, azkar eta gogotsu irakurtzen dena. Kapitulu motzak eta biziak ditu: ez da batere zaila irakurtzeko. Marrazki lagungarri zoragarriak ere baditu. Abenturazko lehen liburu aproposa izan daiteke: irakurtzen baduzu, hurrengo batzuk ere irakurri nahiko dituzu.
Bilduma Txorierriko liburutegietan aurki dezakezue, eta aukera polita izan daiteke Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO) kanpainan parte hartzeko. Kanpaina Txorierriko euskara elkarteek antolatu dute eta ekainaren 30era arte egongo da martxan. Euskaraz irakurtzeagatik opari bat emango digute saritzat. Hala, liburutegian euskarazko liburu bat maileguan hartu eta hori itzultzean irakurle-fitxa bete beharko dugu. Trukean, erosketa-txeke bat emango digute, euskarazko beste libururen bat % 25 (edo % 50) merkeago eros dezagun.