Etorkizuneko pilulak, fabrikazio aurreratua

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 29a, 13:04
Testua: Xabier Díaz Silvestre, BTEK-eko zuzendaria / Argazkia: www.popsci.com
SPRIk antolatutako “Basque Industry 4.0” jardunaldian izan gara. Hauek izan dira jardunaldiaren ardatzak: fabrikazio aurreratua, hark epe labur eta ertainera izango duen garapena, eta industrian eta gizartean edukiko duen eragina. Zenbait esparru aurkeztu dira etorkizunean garrantzitsuak izango direlakoan. Batzuk nahiko garatuta, beste batzuk oraindik garatzeko bidean. Batzuk etorkizuneko gakoetakoak izango direnak, beste batzuk ez... Esparru horien inguruko pilula batzuk batuko ditut oraingoan, eta hurrengo baterako utziko dugu haietan sakontzea. Gehikuntza bidezko fabrikazioa 3D inprimagailuek material-geruza finak gainjartzen dituzte, objektu solidoak egiteko. Gehienbat plastikoa erabiltzen bada ere, egurra zein metalak erabiltzeko gai dira jada, bai eta bio-bateragarriak direnak ere, protesiak egiteko, adibidez. Cloud computing Sistema informatikoaren burmuina sarean jartzea da. Era honetan, informazioa eta horren kudeaketa hor gertatzen dira, eta gure ordenagailu, smartphone edo tabletak sistema horien bezeroak besterik ez dira. Segurtasuna, elkarlana, informazioaren trukaketa errazten dira era honetan, eta edonondik konektatu gaitezke eta lan egin. Big data Sareko zerbitzuak erabiltzen ditugunean, Google, Facebook edo whatsapp direla edo beste horrelakoren bat dela, erabilera horiek era anonimo batean gordetzen dira datu base erraldoietan. Bestalde, kontuan hartu zenbat sentsore dauden gure inguruan. Webcam, termometro, kutsadura, hezetasuna eta abar neurtzekoak... Datu horiek guztiak gorde, prozesatu eta, noski, saldu egiten dira. Hori da Big Data. Imajinatu eztulerako xarabea saldu nahi duzula, ondo etorriko litzaizuke erretzaileak edo kutsadura handiko guneak zeintzuk diren jakitea, ezta? Errealitate areagotua Errealitatearen "gainean" informazio-geruzak gehitzea da. Wikitude aplikazioak, adibidez, mugikorraren kamerak jasotzen duen irudiaren gainean hainbat informazio jarri dezake, irudian agertzen diren tabernen “gainean” dituzten eskaintzak, edo geltokiaren gainean hurrengo autobusak zeintzuk diren eta zenbat denbora barru etorriko diren, adibidez. Ikusmen artifiziala - Errealitate birtuala Kasu honetan, ikusmen artifizial zein beste baliabide baten bidez berria den errealitate bat eraikitzea da. Mundu birtualak benetako munduen kopiak izan daitezke eta, esate baterako, piramide baten barrualdean edo Eraztunen Jaunaren munduan gaudela simulatzeko erabil daitezke. Baita ikasteko ere. Adibidez, suhiltzaile batek errealitate birtualari esker ikas dezake zelan erreakzionatu behar duen egoera arriskutsu batean. Elkarlaneko robotika Zeregin desberdinetara egokitzen diren robotak, langilea non eta zertan ari den antzemateko eta elkarrekin lan egiteko gai izango dira. Errepikakorrak diren lanak berak egiten dituen bitartean, langileak balio erantsia dutenetan ipiniko du arreta. Sistema ziberfisikoak Aurreko teknologia guztiei etekina ateraz, edozein sistema adimentsu bihurtuko da. Ibilbide egokienak antzemateko gai diren gidaririk gabeko autobusak, pertsonak identifikatu eta garajera eramateaz gainera, autoa atera edo hurbilduko diguten igogailuak, tarifa elektriko eta beharren arabera martxan jartzen diren arropa-garbitzaileak... Zibersegurtasuna Eta bukatzeko, sistema horiek guztiak era seguru batean erabiliko direla bermatuko duten protokolo eta softwareak. Komunikazio segururik gabe, edonork har zezakeen autobus zein eraikin adimendu horien kontrola. Edo robotena! Edo informazio-geruza horiek era interesatu batean manipulatu helburu komertzialengatik, adibidez... Azkeneko esparruetan ikusten den bezala, ez dago benetako mugarik horien eta beste batzuen artean. Beraz, azkeneko aholku bat: horrelako zeozertan zuen burua espezializatu nahi baduzue, ez ahaztu besteen “berniz” puntu bat ere beharko duzula.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).