Xuxen 5, zuzentzaile berria

Elhuyar Fundazioak eta IXA Taldeak Xuxen 5 zuzentzaile ortografiko eta gramatikal berria aurkeztu berri dute. Bi hamarkada pasatu dira Xuxen euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoa sortu zenetik. Hizkuntzalariek eta informatika-ingeniariek sortutako sistemak iraultza ekarri zuen ordenagailu bidez testuak idazten ditugunontzat. Handik hona, Xuxen zuzentzailearen hainbat bertsio sareratu dira: Microsoft Officerako, OpenOffice.org eta LibreOfficerako, web-nabigatzaileetarako, Adobe Indesign-erako…; eta, ortografia-akatsak detektatzeaz gain, proposamen gramatikalak egiten ere ikasi du Xuxenek. Baina aldaketak oso azkar gertatzen dira informatika munduan, eta programa eta aplikazioak etengabe eguneratzen dira. Aldaketak gure hizkuntzan ere gertatzen dira; izan ere, Euskaltzaindiak arau berriak sortzen ditu, hitz berriak… Horiek guztiak kontuan harturik, Xuxen ere joan da eguneratzen. Hala, 2014. urtean eguneratze guztiak ipini ziren xuxen.eus webgunean eta ordura arteko bertsiorik berrienak ere jarri ziren erabiltzaileen eskura. Orain, beste urrats bat egin dute, eta Ixa Taldeak eta Elhuyarrek Xuxen 5 ipini dute sarean, xuxen.eus/bertsioak webgunean doan deskargatzeko. Azaldu duten bezala, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko eta Elhuyar hiztegietako azken aldaketak txertatu dituzte euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoaren datu-basean, eta erregela gramatikalak berritu dituzte, Microsoft Officerako sortu duten azken zuzentzaileak proposamen ortografiko, lexiko eta gramatikal eguneratuak egin ditzan. Hiztegia osatzeko aukera Idazten gabiltzala, Xuxen 5-ek gorriz azpimarratzen ditu gure akats ortografikoak eta haiek nola zuzendu proposatzen digu. Bestalde, berdez edo urdinez azpimarratzen ditu hitzak, zuzenak izan arren, Euskaltzaindiak beste forma bat hobesten duen kasuetan, eta formak horiek zeintzuk diren jakinarazten digu. Azkenik, zenbait akats gramatikal ere berdez edo urdinez azpimarratu eta zuzentzeko proposamena egiten du. Xuxen 5 Microsoft Office berrienetan (Office 2013 arte) erabiltzeko prest dago. Beraz, ordenagailura deskargatzen badugu, aipatutako hizkuntza zuzenketez eta proposamenez baliatu ahal izango gara, Word-en testu bat idazten gabiltzala, adibidez. Eta erabiltzailearen hiztegia osatzeko aukera ere izango dugu, Xuxen 5-ekin batera erabiltzeko. Horrez gain, sistema hauetan guztietan txertatzeko pluginak berritu dituzte, zuzenketa ortografiko eguneratuak egin ditzaten: Openoffice/Libreoffice, Web-nabigatzaileak (Firefox, Chrome eta Internet Explorer) eta InDesign CS6 MAC. Eta, jakina, xuxen.eus webgunean ere berritu dituzte datuak, zuzendu nahi dugun testua orri nagusiko testu-koadroan sartzen dugunean zuzenketa eta proposamen eguneratuak egin ditzan. Era berean, xuxen.eus webgunean erregistratzen direnek Xuxenen eguneratze eta nobedade guztien berri jasoko dute beren helbide elektronikoan.