Idazlea: M. A. Mintegi Larraza
Ilustratzailea: Inma Mendiola Gardoki
Generoa: Genero beltza
Argitaletxea: Ekin Ibaizabal
Orrialde kopurua: 148 (8 kapitulu)
Adina: 15 urtetik gorakoentzat
Ekaina da. Ikasturtea amaituta, udako oporrak heldu dira. Zoragarria! Lagunak! Herri gehienetako festak! Festa gogo ikaragarria bihotzean! Sei lagun, hiru bikote, motxilak bizkarrean, kanpin batera abiatzen dira. Lau egunetan zehar seiak haien kasa ibiliko diren lehenengo aldia da. Haien poza! Rock kontzertu batera joango dira.
Gaupasa egiteko dena prest dutenean, Leire ezagutu berria duen mutil batekin desagertzen da etxarte ilun eta giro ez oneko batean. Beste lagunak, kezkaturik, bere bila hasten dira kontzertuan, herrian. .. Larriena Leire non eta nola dabilen ez jakitea da, eta aurkitzeko esperantza gero eta txikiagoa da.
Herri horretan, beste askotan bezala, zoritxarrez, droga arazoa ez da txikia batez ere udaroan eta, zer esanik ez, festetan, egun bezalako kontzertu bat dagoenean. Leirek ezagutu berria duen mutila mundu horretan sartuta dagoela susmatzen dute lagunek.
Kale estu eta ilun batean sartzen dira norbaitek neska ikusi duen galdetzen, eta labana eskuan daraman hango mutil batek, mehatxatuz, alde egiteko esaten die, bestela Leire...
Bi aukera dute: labana daukan mutilak esan bezala, Leire ahaztu eta kontzertuaz gozatu, ala tipo haren mehatxuari entzungor egin eta bilaketarekin jarraitu. Erabakiren bat hartu behar dute.
Makina bat gorabehera eta arrisku pasa beharko dute Leire aurkitu arte. Festak eta gaupasak daukaten alderdi iluna erakusten zaie. Baina jo eta ke arituta, laguntasuna eta maitasuna nagusituko dira zoritxar guztien gainetik.
Droga trama honetan idazleak oso ondo deskribatzen du drogaren inguruan sortzen den giroa (drogadiktoak, marginalitatea, auzoak, banatzaileak,..) eta ezberdintasuna (droga trafikante dirudunak eta kaleko banatzaileak errekurtsorik gabe kale gorrian...).