<i>Nork</i> komikia: Xabi Paya eta Patxi Gallego (<i>Bertsolari</i> aldizkaria)

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 30a, 09:42

Testua: Txerra Rodriguez (Liluratura)

Bertsolari aldizkariak 100 ale egin zituela ospatzeko, Nork izeneko komikia plazaratu dute Xabi Payak eta Patxi Gallegok. Lehen orritik amaierara arte irribarrea ahotik kendu ezinik ibili naiz. Eta hori krimen baten inguruan ondutako komikia izanda! Argumentua ezagutzen ez baduzue, sinplea da: Andoni Egaña hil egin dute oholtza gainean eta, gainera, Anjel Mari Peñagarikanoren 1991ko Gipuzkoako txapela ostu dute. Lau detektibe arituko dira nor baino nor kasuak argitu nahian: Amezketako aguazila, Amaia Ezpeldoi (Itxaro Bordak sortutako detektibea), Jesika Fletxeberria eta Bertsocop (erdi gizaki, erdi makina). Eta tartean, bertsolariak, ETBko aurkezleak, sukaldariak, idazleak eta beste hainbat agertzen dira liburuan. Eta, gainera, nork bere euskalkia erabiltzen du (eskertzen da horrelako aniztasuna eta eskertzen dira tankera honetako lotsagabekeriak). Eta pertsonaia batzuek bertsotan egiten dute berba. Eta jolasa, eta dibertimendua, eta guztiari barre egiteko aldartea. Eta euskarazko kulturaren erreferentziak modu arinago batez lantzeko gogoa eta modua. Eta hori guztia asko da, berritasun handi samarra da gurean. Niri Patxi Gallegoren Pololoak trilogia ekarri dit gogora komikiak, baina uste dut Pololoak beste hau baino lotsagabeagoa dela. Barre egin bai, baina ez dago horren atzean bestean egon zitekeen hausnarketa maila. Hala ere, Patxi Gallego itzuli da eta hori beti da berri ona. Euskarazko komikigintzan izen propio nagusietako bat da bera, eta komiki honekin ere maila altu samarra utzi du, beste behin. Gainera, Xabi Payaren gidoiak ere lagundu diolakoan nago. Jateko moduko komikia, bai horixe!