Koldo Zuazo hizkuntzalariak lan sakona egin dau, urteetan, euskalkien gainean. Lan horren emaitza euskalkiak.eus webgunean ipini dau eskuragarri. Besteak beste, euskalkien ezaugarriak eta beren jatorria, historian zehar egin diran sailkapenak, hiztunen grabazinoak, euskerea bateratzeko ahaleginak eta literatura euskalkiak topau geinkez bertan.
Zuazogaz batera, honeek ipini dabe webgunea abian: Oneka Alvarez, Xabier Eizagirre, Iñaki Iñarra, June Lauzirika eta Teresa Portugal. Webguneak ahozko euskerea dauka ardatz nagusitzat; eta sei atal: Sailkapenak, Ezaugarriak, Euskalkien jatorria, Euskararen batasuna, Hizkeraz hizkera, eta Ikus-entzunezkoak.
Lehenengo atalean, Sailkapenak atalean, euskalkiak bereiztu eta sailkatzeko egon diran teoriak azaltzen dira: Arnaut Oihenartena, Manuel Larramendirena, Louis-Lucien Bonaparterena, eta gaur egungo euskalkiak. Bost euskalki bereizten ditue Zuazok eta bere taldeak gaur egun: Mendebalekoa, Bizkaian, Arabako Aramaion eta Gipuzkoako Deba ibar gehienean egiten dana; Erdialdekoa, Gipuzkoa gehienean eta Nafarroako mendebaleko zenbait eskualdetan, Araitz, Larraun... egiten dana; Nafarra, Nafarroa gehienean egiten dana; Nafar-lapurtarra, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Luzaide ibar nafarrean eta Zuberoako ipar-mendebalean egiten dana; eta Zuberotarra, Zuberoa gehienean eta Eskiulan (Bearno) egiten dana. Era berean, tarteko hizkerak kontuan hartzeko beharra azpimarratzen dabe; esate betarako, Deba ibarreko iparraldekoa (Elgoibar, Mendaro eta Mutriku), Mendebaleko eta Erdialdeko euskalkien arteko loturea egiten dauena; edo Baztan eta Urdazubi-Zugarramurdi eskualdekoa, euskara nafarraren eta nafar-lapurtarraren arteko loturea egiten dauena.
Etenbako barritu
Bigarren atalean, Ezaugarriak, gaur egungo bost euskalkien ezaugarri nagusiak batu ditue, hedadurea ezaugarri linguistikoak eta bakotxaren azpieuskalkiak kontuan harturik; eta hirugarren atalean, euskalkien jatorria daukie hizpide. Laugarren atalean, euskera batuan ipini dabe arretea, eta historian zehar ha sortzeko egon diran ahaleginak batu ditue. Literatura euskalkiak eta tokiko estandarrak be aztertu ditue bertan. Burundako hizkerea eta Araitz-Beteluko euskerea eroan ditue Hizkeraz hizkera atalera, eta Ikus-entzunezkoak atalean, euskalki bakotxeko hiztunen grabazinoak ipini ditue ikusgai eta entzungai. Hiztunen artean, Miren Amuriza bertsolaria (Berriz), Ander Lipus aktorea (Markina), Abel Barriola pelotaria (Leitza) eta Udane Juaristi artistea (Azkoitia).
Webgunea edozein euskarritan erabili ahal izateko prestau dabe, ordenagailuan, tablet baten zein sakelako telefonoan, eta saiatu dira azalpenak ahalik eta argien emoten, webgunea adituei ez ezik hizkuntzaren mundura hurbildu gura dauen edonori be zuzenduta dagoalako. Webgunea ez dago geldi eta eten barik barrituko da. Holan, bada, laster beste hiru atal – Hiztegiak, Esaera zaharrak eta Esapideak – zabaltzeko asmoa daukie.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).