Maje Larrañaga eta Alaia Saenz, Larrabetzuko GEDre

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 26a, 10:26

Gure Esku Dago herri dinamikaren haritik, Ebatzi taldea osatu da Larrabetzun. 2017ko udabarrian galdeketea egitea helburu daukiela, taldeak adierazpen bat adostu dau eta hori ekainaren 4an aurkeztuko dabe jentaurrean. Adierazpen hori dinamikearen hiru printzipioetan oinarritu dabe: herri bat gara, erabagiteko eskubidea daukagu eta herritarron garaia da. Zer prestauko dozue egun horretarako? Ekitaldi xumea izango da, baina koloretsua eta jai-giroan. Asmoa da herritarrak kalera ataratea, plazara ekartea. Jakin gura dogu atxikimendua zenbat personak emongo deuskun, eta horrek be indarra emongo deusku 2017ko galdeketa horretara joateko. Zertan batuko dozuez indarrak datozan hilabeteotan? Ahalik eta jente gehiengana ailegau gura dogu; eta jente ezbardinarengana, gainera. Uste dogu ebazteko eskubidean sakontzeko garaia dala, herritarrok gai honen inguruan berba egin behar dogula, eta gure kezkak azaldu. Aurkezpenak bidea emongo deusku horretarako, izan be, guk garrantzia bideari emoten deutsagu. Horri jagokonez, jadanik hasi gara alkarte eta herritar batzuengana hurbiltzen, adierazpena zabaltzeko eta gure asmoak adierazoteko. Adierazpenaren aldeko sinadurak batzen be hasi gara. Guretzat inportantea da esatea Larrabetzun egin geinkeala, eta lortuko dogula. Eta erronkea be bada. Eta zelan helduko deutsazue erronka horri? Ilusino handia daukagu, eta herritarrengana hurbildu garanean be aldeko erantzuna euki dogu. Itxaropentsu gabilz eta espero dogu aurkezpenera jente asko hurbiltzea. Ea orain arte animau ez dan jentea be erakarteko gai garen! Ezin da zifrarik emon, baina plazea beteko dogu, ziur. Ekainean galdeketa egingo da 36 udalerritan. Bertan gertatuko danaren zain? Galdeketa horreei begira be ilusinoz gabilz, guretzat tranpolin bat izango diralako. Beste herri batzuetan esperientzia hau ondo ataraten bada, indarra izango da guretzat, duda barik. Gainera, beste herri horreetan egiten dana Larrabetzura egokituko dogu, udazkenetik udabarrira bitartean hainbat ekintza egingo diralako herrian. Eta argi dago udabarrira indartsu ailegetako, gauzak egin behar dirala eta herriari gai honen inguruan berba egiteko aukerea emon behar jakola. Zelan erabagiko da zer galdetu 2017ko udabarrian? Galderea prozesuan parte hartzen dogun guztion artean erabagiko dogu. Azken baten, hori da hain zuzen be prozesuaren gauzarik politenetako bat: dana dagoala zabalik eta jentearen arabera eginda. Dana dala, oinarri barik ez dogu lan egingo, galderak beste herri batzuetan be egin diralako, bai Euskal Herrian bertan, bai Katalunian, Eskozian... Horreek aztertu, gurera egokitu eta guztion artean adostuko dogu zelango galderea egin. Guri jagoku galderea planteatzea, azken baten, helburua herritarren arteko harremana sendotzea da, eta herria gai honen inguruan aktibatzea. Katalunia aitatu dozue. Aspaldi honetan gitxi entzuten da komunikabideetan prozesu katalanaren gainean, baina orain dala egun batzuk bere konstituzinoaren zirriborroa aurkeztu dabe... Hareei ez jake itxi galdeketea egiten eta beste bide bat hartu dabe. Ez dakigu bidean ipini jakezan traba horreek guztiak gainditzeko gai izango diran... Euskal Herrian zer gertatuko dan be ez dakigu. Hauteskunde orokorrak gertu daukaguz eta Madrilen gauzak aldatu daitekez, beharbada. Baina, egia esan, gatx ikusten dogu... Berton be alderdi nazionalistek ez dabe erakutsi Katalunian adierazo daben batasuna... Beno, herritarrak, behintzat, ilusinoz gabilz lanean, eta aldarrikatu gura dogu, behingoz, herri honek erabagiteko eskubidea dauala. Hori argi lotu da giza kateagaz, San Mameseko ekitaldiagaz, herrietan taldeak egiten dabilzan lanagaz... Aurrera, ezta? Bai, aurrera goaz. Giza katea osatu genduan eta igaz be hautestontzi bat irudikatu genduan. Ba, orain hautestontzi hori edukiz beteko dogu eta datorren urtean herri galdeketa egingo dugu. Adierazpena Herri bat gara, ebazteko eskubidea daukagu eta herritarron garaia da. Guri, herritarroi, jagoku gure etorkizuna askatasunez ebazteko eskubidea. Larrabetzuarron berbea entzun daiten eta ahalik eta herritar gehienen babesa izango dauan akordu zabala lortzeko, 2017ko udabarrian egingo dan galdeketeari hasikerea emongo deutsagu. Halanda ze, galdereak larrabetzuar guztion eritxi eta burubideak adierazo beharko ditu. Eta horretarako, alkarreganako errespetuan oinarrituta, ezbardintzen gaituen pentsakera eta proposamenak gainditu eta alkar hartuta jardungo dogu ebazteko eskubidearen inguruan bateraguneak bilatzen.