Ekainaren 10ean eta 11n, “BBK Music Legends” Festibala izango da Ola Sondikako zentroan. Festibala lehenengo aldiz egingo da Txorierrin eta bertan nazioarteko rock mitoetariko batzuk batuko dira, hala nola, Los Lobos, Jethro Tull, Graham Nash, Bob Geldof eta Nina Hagen.
Jaialdiaren iturburua “Music Legends” kontzertu-saila da, 2011. urtetik 2015. urtera bitartean Bilboko BBK aretoan egin dena. Festibalaren antolatzaileek azaldu digutenaren arabera, hura Sondikara ekartzea bilakaera bat izan da. “Ez diogu utziko BBK aretoan kontzertuak antolatzeari, baina uste dugu egitasmoari merezi duen garrantzia eman behar diogula. Sarrerak agortu ziren BBK aretoan antolatutako kontzertu askotan eta agerikoa zen asmo handiagoko egitasmo bati heldu behar geniola”.
Festibala Ola zentroan egiteko proposamena BBK-k berak egin du. BBK festibalaren babeslea da. “Helburua instalazioak ezagutzera ematea da, eta bertan, batez ere Gorabide eta Lantegi Batuak elkarteen bidez, egiten den gizarteratze lana ere bai. Era berean, oso leku aproposa da, naturaz inguratuta egoteaz gainera, tamaina egokia duelako. Trenez ere ondo komunikatuta dago, eta beti da interesgarria kultura ekintzen kokapena dibertsifikatzea, leku berriak ezagutzeko akuilua delako”. Antolatzaileek espero dute festibala arrakastatsua izatea eta aurreikuspenak betetzea. Horrela, bada, hurrengo edizioak ere Sondikan antolatuko dira. “Egia esan, lekua asko gustatzen zaigu. Are gehiago kontuan hartzen badugu etorkizunean, metroaren hirugarren linearen lanak amaitzen direnean, askoz hobeto egongo dela komunikatuta”.
Zalantza barik, festibalaren erakargarri nagusia kartela osatzen duten taldeak eta abeslariak dira. “Oso estilo ezberdinak jotzen dituzten musikariak dira eta pertsona bakoitzak bere musikari kutunena edukiko du, baina euren ibilbideari eta garrantziari erreparatuz gero, zail izango genuke bata edo bestea azpimarratzea. Los Lobos taldea ekartzea apustu handia izan da, beharbada, Los Angelesetik espresuki ekarri ditugu festibalera, eta horrek esfortzu handia egin beharra ekarri du bai antolakuntza mailan, bai aurrekontu mailan. Hala ere, guztiek merezi dute karteleko talde edo abeslari nagusia izatea: Graham Nash, Nina Hagen, Jethro Tull”.
Bertoko musikariak
Nazioarteko izenekin batera, Euskal Herriko musikariak ere igoko dira eszenatokira: Niko Etxart, The Fakeband eta Hey Mr. Neken. “Ezinbestekotzat jotzen dugu festibalean bertako musikariak egotea, historia etxean ere egiten delako. Banden artean koherentzia minimo bat egotea gustatzen zaigu, eta zaila da musikari hain ezberdinak uztartzea. Nolanahi ere, uste dugu lortu dugula. Bestalde, gustatuko zitzaigun eszenatokian emakume gehiago egotea, baina egia esan, gaur egun gutxi dira biran ateratzen diren emakume musikari legendarioak”.
Kontzertuez aparte, “BBK Music Legends” Festibalak beste erakargarri batzuk eskainiko dizkio publikoari. Antolatzaileek horretan dabiltza buru belarri. “Lau mila lagunentzako tokia dago, eta, beraz, beste jaialdi batzuekin alderatzen badugu, ez da hain masifikatuta egongo. Familia arteko egitasmoa izango da, intimoagoa, eta, esate baterako, nahi dugu gastronomia zerbitzu bat izan beharrean, balio erantsia izatea. Bertoko produktuak eskaini nahi ditugu, kalitatezkoak eta originalak: Thate anaien saltxitxak, taloa eta txorizoa… Ziur asko, ardo ondua topatzea kalimotxoa topatzea baino errazago izango da”. Tren bereziak ipiniko dira Bilbotik Olara ailegatzeko, baina zapatuan ibilbidea oinez egiteko aukera ere egongo da, Juanjo San Sebastián alpinistak gidatuta. “Ibilbide erraza da, batez ere ibiltzea gustatzen zaienentzat, Bilbo eta Sondika uste baino askoz hurbilago daude-eta. Ekintza polita izango da eta parte hartzera animatzen direnek kopaua jasoko dute saritzat”.
Sarrerak, 86 eta 52 euroan salgai
Kartel dotorea osatu da “BBK Music Legends” Festibalaren lehenengo ediziorako. Barikuan, musikari hauek igoko dira eszenatokira: Los Lobos, Elliott Murphy & Band, Corizonas, David Lindley eta Amparo Sanchez; eta zapatuan: Jethro Tull, Graham Nash, Bob Geldof, Nina Hagen Band, Niko Etxart eta Hapa Hapa, The Fakeband eta Hey Mr. Neken. Sarrerak BBKren kutxazainetan daude salgai. Egun bietarako bonoak 86 euro balio du, eta egun bakoitzeko sarrerak, 52 euro. Hamabi urtera arteko umeak doan sartu ahalko dira. “Festibal-barrutia betetzeko itxaropena dugu, eta ahalik eta girorik onena lortu. Bazen Txorierrin musika festibal bat egoteko garaia!”.
Euskotrenek trenen maiztasuna areagotuko du, Olaraino ailegatzeko, eta autobus charterrak ipiniko dira Gasteizetik eta Donostiatik. Renfek ere beherapenak egingo ditu, nahi duen guztia festibalera hurbil dadin.