San Joan Sondikako jaiak: Parte-hartzaileak, solid

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 20a, 13:50
Ekainaren 23an, San Joan sua biztuko da barriro Sondikan eta hilearen 26ra arte izango dira jaietan. Aurreko urteetan moduan, adin eta gustu guztientzako ekitaldiak antolatu dira, besteak beste gastronomia eta kirol lehiaketak, kalejirak eta musika emonaldiak. Udaletik azaldu deuskuen moduan, San Joan aurtengo jaiak hiru ardatzetan oinarrituko dira: herritarren parte-hartzea, herriko alkarteen inplikazinoa eta solidaridadea eta bardintasuna. “Herritarren parte-hartzea ahalik eta handiena izatea gura dogu. Egia esan, San Joan gauean, liburutegitik landaraino egiten dan su-suzien kalejiran jentetza handia batzen da. Kale-antzerkia be egiten da kalejirea girotzeko”. Sondikoztarrak herri bazkarian eta antolatu diran lehiaketa ezbardinetan aritzea be bada Udalaren helburua. Horren haritik, aldaketa bat egongo da Pintura lehiaketan. “Lanak lehiaketearen egun berean aurkeztu dira aurreko urteetan, baina aurten erabagi dogu lanak aurkezteko epea zabalagoa izatea, maiatzaren 30etik ekainaren 17ra bitartean hain zuzen be. Halan, lehiaketak daukan “profesional” kutsu hori gainditu gura dogu, eta herritar guztiak animau daitezan han parte hartzera”. Balkoi apainduen lehiaketea bosgarren aldiz antolatu da eta ekintza hori be oso arrakastatsua izan ohi da. “Bestalde, igaz Skate txapelketea egin zan lehenengo aldiz eta oso harrera ona euki eban. Barriro egingo dogu aurten”. Herriko taldeen eta alkarteen inplikazinoa be ezinbestekoa izan da jaiak antolatzeko orduan. “Hareek proposatutako ekintza piloa dago jai-egitarauan. Batzuk aitatzearren, Sondika Motor taldearen kontzentrazinoa edo Sondikan berton dendarien alkartearen ekintzea. Era berean, mendi martxa egingo da lehenengo aldiz, Gorondagane guraso alkartearen eskutik”. Udalaren webgunean dagoan iradokizun-ontzia ezinbesteko tresna izan da herritarren eta alkarteen eskaerak eta proposamenak jasotzeko, eta ahal izan dan neurrian jai-egitarauan sartu dira. “Jentearen inplikazinoa oso-oso handia izan da eta uste dogu jaiak erabat parte-hartzaileak izango dirala”. Esan moduan, San Joan jaien hirugarren zutabea solidaridadea eta bardintasuna izango dira aurten. “Igel-tokea lehen egiten zan ekintzea da eta berreskuratu eguin gura izan dogu. Lehiaketea antolatu da eta izen emotearen bidez lortzen dan dirua Friedrich Ataxia gaixotasuna ikertzera zuzenduko da. Bestalde, bardintasunaren alde eta genero indarkeriaren kontrako pegatinak banatuko doguz. Errespetua nagusi daben jaiak gura doguz”. Rock gaua Jai-gunea San Joan landan atonduko da eta, ohikoa dan moduan, karpa bat ipiniko da bertan. Antolatzaileen esanetan, ekintza erakargarriena San Joan gaueko su-suzien kalejirea izango da, duda barik. Sukalki txapelketak eta herri bazkariak be jente asko erakarriko dabe. “Zapatuan rockaren gaineko gau tematikoa egongo da eta Marea, Extremoduro eta Platero y tú taldeen abestiak joko dira. Espero dogu kontzertuan lagun piloa batzea, eta jentea animau gura dogu rockzalez janztera, ekintzea girotzeko”. Horrezaz gainera, eta lau egunean zehar, sondikoztar guztiei zuzendutako ekitaldi sorta zabala egongo da herrian: haurrentzako jolas-parkea, erromeria, dantza agerraldia eta gaztai dastatzea, banaka batzuk aitatzearren. “Esfortzu handia egin dogu aurten. Gure asmoa diru gitxiagogaz gehiago prestetea izan da eta uste dogu lortu egin dogula. Herritarren parte-hartzea ahalik eta aktiboena izatea gura dogu eta, horretarako, sondikoztar guztientzako jai-egitaraua antolatzen ahalegindu gara. Gainontzeko txorierritarrak eta alboko herrietakoak be badagoz konbidatuta, jakina! Guztiak animau gura doguz jaietan parte-hartzera eta gugaz egun atsegin batzuk emotera. Ea eguraldia be lagun daukagun!”. Ekainak 22, eguaztena 19:30: Pentagramaren kontzertua, Kultur Etxean. Ekainak 23, eguena 19:30: Txupina eta zapiak banatzea, Gorabideren laguntzeagaz. 20:00: Txitxi-burruntzia. 22:00: Su-zuziak banatzea, liburutegian. 22:30: Kalejirea + San Joan sua. 01:00: Dj animatzailea. Ekainak 24, barikua 11:30-14:30: Fanfarrea. 11:30-14:00: Haurrentzako jolas-parkea, San Joan zelaian. 12:00: Mezea + aurreskua. 13:00: Kalejirea, Ipar Elaiak txistu taldeagaz. 13:30: Jubiladuentzako kopaua. 16:30-19:00: Haurrentzako jolas-parkea, San Joan zelaian. 18:30-19:30: “Jaurti zure hirukoitza” ekintzea. 18:30: Tortilla txapelketan izena emotea, CD Sondikako txosnan. 19:30: Gorriti eta bere animaliak. 21:00: Tortilla txapelketea aurkeztea. 23:30: Erromeria, Garilak 26 taldeagaz. 02:00: Dj-a. Ekainak 25, zapatua 10:00: Sukalki txapelketan izena emotea, CD Sondikaren txosnan. 11:00: Kalejirea, Ipar Elaiak txistu taldeagaz. 11:00: Tiragoma txapelketea. 12:00: Pintura Lehiaketearen erakusketea. 13:00: Igel-toka txapelketa solidarioa, Friedrich Ataxia ikertzeko. 14:30: Sukalkia aurkeztea. 16:30: Mus txapelketea, Hegalariak taldeak antolatua. 18:00: Pintura lehiaketearen sariak banatzea, Udalbatza aretoan. 18:30: Balkoi apainduen bosgarren lehiaketearen sariak banatzea, Udalbatza aretoan. 19:00: Dantza agerraldia eta erakustaldia, Gorantzaileak dantza taldearen eskutik. 20:00: Dantza plaza. 23:00: “Hay poco rock and roll” gau tematikoa. Marea, Extremoduro eta Platero taldeei omenaldia. 02:00: Dj animatzailea. Ekainak 26, domeka 10:30: Mendi martxea, Sondika Mendia taldeak antolatua. 11:00-15:00: Barraken eguna. 11:00: Kalejirea, Ipar Eliak txistu taldeagaz. 12:00: Motorzaleen kontzentrazinoa, Sondika Motor eta Hegalariak taldeek antolatua. 13:00: Gaztaia dastatzea, txosnetan. 13:00: Apar jaia. 13:30: Sondikan Berton alkartearen ekitaldia: merkataritza-deskontuak dituen puxikak askatzea, gozokiak... 14:30: Kultura eta kirol alkarteen bazkaria. 17:00: Betiko jokoak, Gorondagane guraso alkarteak antolatua. 17:30: Skate txapelketea, Wolcirt taldeak antolatua. 20:30: Azken trakea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).