Txorierrik azken urteetan izan duen musika jaialdi izugarrienetarikoa izan da “BBK Music Legends Fest”-a. Bertan izan ziren Amparo Sánchez, David Lindley, Corizonas, Elliot Murphy & Band, Los Lobos, Hey Mr. Neken, The Fakeband, Niko Etxart eta Hapa Hapa, Nina Hagen Band, Bob Geldof, Graham Nash eta Ian Andersonen Jethro Tull bandak. Kartela izugarria izan bazen ere, uste baino jende gutxiago hurbildu zen Sondikara. Hala ere, eskainitako ikuskizuna espero bezain ona izan zen.
Hodeiz beteta eta euri mehatxuarekin, kontzertuak Ola zentroan ipinitako karpa batean egin ziren, zarata isolatzen zuten zuhaitzez inguraturik. Neurrigabeko eszenatokia, txosna kilometrikoa eta hainbat merchandising karpa txiki. Mikro BBK LIVEa zirudien. Hasiera batean, ematen zuen Olako 50.000 m2ak txiki xamarrak izango zirela espero ziren 4.000 pertsonentzat, baina azkenean ez zen inolako espazio arazorik egon. Gainera, bertara arazorik gabe iristeko erraztasunak ipini ziren: tren zerbitzu bereziak, aparkalekuak eta seinalizazio sistema eraginkorra.
Jaialdia berez ahul xamar hasi zen ostiralean euri mehatxuagatik alde batetik, eta Amparo Sánchezek, 16:30ean, eskaini zuen kontzertuagatik, bestetik. “Music Legends Fest”-eko kontzerturik desegokiena, agian, estilo aldetik. Ikusle gehienak, Ola zentroko ikasle gutxi batzuk eta jaialdira heltzen hasi ziren lehen ikusleak izan ziren. David Lindley-k kalitate izugarrizko folk, blues eta bluegrass errepertorioa eskaini zion gero eta jendetsuagoa suertatzen ari zen publikoari.
Corizonas taldeak (Coronas eta Arizonas Baby musikarien banda) hartu zuen erreleboa musika elektrikoa eta indartsuagoa eskainiz. Iluntzean, Elliot Murphyren power hirukoteak zeharo harritu zuen publikoa, rock–blues–folk kontzertu elektro akustiko indartsua eskainiz. Elliot Murphy bera publikoaren artean izan zen aurreko kontzertuez gozatuz eta jarraitzaile batzuekin batera argazki batzuk eginez. Gaua ixteko, Los Lobos talde estatubatuarra izan zen. Hasieran, bazirudien eszenatokira igo zen seikote nagusiak ikusleak aspertuko zituela, baina usteak erdi ustel: 600 pertsona inguru batu zituen kontzertu honek, eta rocka, tex-mexa, cumbia, jarochoa eta mexikar boleroetatik igaroz, gaua borobildu zuten Volver, volver edo La Bamba abesti mitikoekin. Jendea liluraturik bueltatu zen etxera gauerdi aldera.
Hey Mr. Neken taldeak The Eagles-en bertsio klasikoekin hasi zuen bigarren eguna, The Fakeband getxoztarren pop akorde alaien jarraipenarekin. Ondoren, Iparraldeko Niko Etxartek eta Hapa Hapa bandak, ‘eskualdun’ bakarrak, rock blues originala eskaini zuten euskaraz eta frantsesez. Eten luze baten ostean, Nina Hagen showoman-ak kontzertu merezigabea eskaini zuen: emanaldi osoan eserita egon zen, eta haizeak eramaten zituen abestien letren paperez inguraturik. The Doors taldearen Riders of the Storm bezalako altxorrak hondoratu eta hainbat blues klasiko erabat suntsitu zituen bere ahotsak. Hala eta guztiz ere, showak jendetza erakarri zuen lehen ilaretara, Alemaniatik espresuki etorritako fan taldea barne.
Bob Geldof, Graham Nash eta Jethro Tull taldeek merezitako amaiera eman zioten “BBK Music Legends Fest” lehen edizio honetako jaialdiari. Espero ziren 4.000 pertsona horien laurden bat baino gutxiagok zapaldu zuten Olako pista bigarren egunean, agian sarreren prezio neurrigabeagatik? (52,00 €). Hori bai, etorritakoek Txorierrik izan duen nazioarteko musika jaialdi onenaren lekukoak izan ziren eta zail edukiko dute bertan entzundakoa ahaztea.