Euskal blogintzaren inguruko inkesta bat

Aikor aldizkaria 2017ko ots. 22a, 10:50
Blogetan! sariketako lehen edizioko argazkia. © AZKUE FUNDAZIOA

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren inguruko inkesta publiko bat sortu du. Horrek datu baliagarriak lortzea du helburu: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten, etab. Azkuekoek ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handiena lortu nahi dute, emaitza ahalik eta aberatsena eta osatuena izateko. Hori egoera errealaren isla izango da. Inkestaren emaitzak Azkue Fundazioak partekatuko ditu publikoki. Datu horiek baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…

Azken urteetan euskal blogintzaren inguruko ikerketa edo analisi sakonik ez da egin. Hori dela eta, aspaldi duten jakin-mina piztu zaie Azkue Fundazioko langileei. Jakin badakite, gainera, euskalgintzan eta internet alorrean badagoela kezka handi bat. Izan ere, ez dago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketa edo azterketarik. Hau da, informazio falta dago. Beraz, inkesta baliogarria izango da etorkizunerako estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko.

Inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? Irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz lantzea?

 

Inkesta, edozeini zabalik

Inkesta gizarte osora dago zabalik, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; sarean ibiltzen den edozein euskaldunek. Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: batetik, une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakontzea; bestetik, irakurle edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutzea eta zein behar sumatzen ditugun jakitea.

Bestalde, Azkue Fundazioak Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan duela gutxi. Lehiaketa honetan Argia aldizkaria du laguntzaile. Helburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustazea da.

 

Informazio gehiago: http://www.azkuefundazioarenegunkaria.eus/euskal-blogintzari-buruzko-inkesta-lagunduko-gaituzu-datuak-lortzen/

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).