Eusko Jaurlaritzak Kultura-ondasun izendatuko du Burdin Hesia

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 19a, 14:35

Eusko Jaurlaritzak babes berezia emango dio Burdin Hesiari. Hala, argitaratu du  Bilboko Burdin Hesia eta defentsak (Araba eta Bizkaia), monumentu-multzoaren kategoriarekin, kultura-ondasun kalifikatu izendatzeko espedientea. Eremu horrek Bizkaiko hainbat herritako lurrak hartzen ditu, Derio, Erandio, Larrabetzu, Lezama eta Loiu, barne. Artxandako Lerroari dagokionez, eraztun nagusiaren barnean antolatua, Sondika eta Zamudioko lurrak ere hartzen ditu.

Burdin Hesiaren barruan, tipologia eta garrantzi askotako aztarnak daude, eta horiek guztiak babestu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Ondareari balio handiagoa emateko eta behar bezala ulertzeko funtsezko gakoak dira. Eta aztarnak ez daude isolatuta, sistema bakar batean biltzen dira eta haren atal dira. “Babesa garrantzitsua da, aztarnak ez desagertzeko, horiek gure historia kontatzeko funtsezkoak direlako”, esan du Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak. Espediente horri esker, gutxienera murriztuko dira ondasuna kaltetu dezaketen jarduerak, eta ez da aztarna higiezinen edo elementu nabarmenen suntsipena edo kaltea eragin dezakeen erabilera eta jarduerarik onartuko.

Eusko Jaurlaritzak hainbat eremu babestuko ditu eta maial ezberdinak ezarri ditu, babesteko beharraren arabera: babes bereziak behar dutenei dagokienez, besteak beste Larrabetzuko Gaztelumendi, Goikomendi, Zarandoa eta Gaztelu aipatu ahal dira; baita Loiuko Fanarragamendi eta Zamudioko Avril mendia ere. Bigarren mailako babes eremuari dagokionez, espedienteak Larrabetzuko Zarandoa eta Sondikako San Roke eta Pikotamendi hartzen ditu aintzat. Espedientea jendaurrean jartzeko epea martxan jarri da eta 20 egunetan alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izango dira.

 

Espediente osoa, hurrengo helbidean:

https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/p43aBOPVWebWar/VerParalelo.doR01HPortal=y22&R01HPage=bopv&R01HLang=eu&ed2017004881

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).