Emaitza txarrak, Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren lehenengo saioan

Aikor aldizkaria 2018ko ots. 5a, 13:33

Laboral Kutxa Emakume Master Cup binakako pilota txapelketa atzo, otsailaren 4an, hasi zen Gasteizko Ogueta frontoi mitikoan. Hainbat kanporaketa jokatu ziren eta txorierritarrei dagokienez, emaitzak ez ziren batere onak, hemengo pilotari gehienak kanporatu zituztelako. 

Lehenengo mailan, esate baterako, Joana Flaviano lezamarrak Amaia Aldai lemoaztarrarekin osatu zuen bikotea. Joanak eta Amaiak 18-8 galdu zuten Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalagaren kontra; eta 18-9, Amaia Araiztegi eta Maddi Mendizabalen aurka.

Era berean, promozio mailako zortzigarren multzoan, Izarne Elezkano eta Ainara Berasaluze larrabetzuarrak eta Ainara Navarro eta Alaitz Artetxe lezamarrak sartu ziren lehian. Euren aurkariak Ana Agilera-Nagore Azkueta eta Maria Isabel García-Josune Jiménez izan ziren. Larrabetzuarrek 7-18 eta 18-3 galdu zuten, hurrenez hurren; eta lezamarrek, 1-18 eta 18-10. Maila berean, bederatzigarren multzoan, Nerea Sagarnak Ainhoa Zulueta sestaoarrarekin osatu zuen bikotea, baina Nereak min hartu zuen eta bere ordez, Junkal González larrabetzuarrak jokatu zuen. Junkal eta Ainhoak partida biak galdu zituzten: 18-11, Maialen Ganzarain eta Naia Ugarrizaren kontra; eta 18-13, Ana Belén Giner eta Maialen Magunagoitiaren aurka.

Ildo honi jarraituz, promozio mailako seigarren multzoan, Paula Iturbide eta Mari Carmen Zubiaur larrabetzuarrek ere galdu egin zituzten partida biak: 18-2, Oihana Unanue eta Nagore Aramendiren kontra; eta 18-2, Garazi Martínez eta Ainize Labaienen aurka. 

 

Garaipenak 

Gehienak porrotak izan ziren, bai, baina gure pilotariek garaipen pare bat ere lortu zuten. Promozio mailako laugarren multzoan, esate baterako, Jone Goiri eta Ane Baraiazarra larrabetzuarrek kanporaketa gainditu zuten. Jonek eta Anek 8-18 galdu zuten Ainhoa Urien-Amaia Vicario bikotearen kontra, baina 18-12 irabazi zieten Jaione Uranga eta Eider Plazaolari. Halaber, maila berean, Yaiza Carrascal zamudioztarrak ere bazuen txapelketan parte hartzeko asmoa, baina min hartu zuen eta ezin izan zuen partidarik jokatu. Bere ordez, Irene Urzelai oñatiarra sartu zen lehian Ainhoa Romero lemoarrarekin batera. Bikote horrek partida biak irabazi zituen eta aurrera egin zuen txapelketan.