Ikastaroa apirilaren 20an eta 21ean izango da, 12 ordu iraungo du, eta oinarrizko kontzeptuak landuko dira modu teoriko-praktikoan. Ikastaroak izen hau du: Appinventorrekin lanean: sakelako app sinpleak egiten ikasi, programazioa jakin gabe.
Talaios Kooperatibako kideek emango dute APP Inventor ikastaroa, eta programa instalatzen eta konfiguratzen irakatsiko dute era praktiko batean. Ikasleek zailtasun maila ezberdineko hiru aplikazio mota izango dute aukeran, eta horietako bat edo bi garatuko dituzte euren erritmoaren arabera.
Ikastaroan edonork har dezake parte, eta ez da beharrezkoa bestelako jakintzarik izan behar. Doako ikastaroa da eta izena ematea aldez aurretik egin behar da. Gehienez 12 lagunentzako tokia dago. Apirilaren 20an, barikuan, egun osoko ikastaroa izango da, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era; eta apirilaren 21ean, zapatuan, bakarrik goizez emango da.
“Sartu gurekin teknologiaren ur handitan” proiektuari esker, Azkue Fundazioak kontzeptu teknologikoei buruzko jakintza euskaraz barneratzeko aukera eskaintzen du 2018an. Ikastaroak Talaios Kooperatibarekin egindako akordioaren emaitza dira.