B-Tuber egitasmoak euskarazko bideoan sorkuntza bultzatzea du helburu, eta horretarako, formazio saio horietan youtuber plataforma zer den eta euskarazko bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko gomendioak eskainiko zaizkie gazteei. Saioak Ane Atxutegi youtuberrak gidatuko ditu, eta ikastaro praktikoak eta dibertigarriak izango dira, bi egunekoak eta launa ordukoak.
Lehenengo saioan youtube kanal bat zer den ikasiko dute, eta youtuber ona izateko gomendioak ere jasoko dituzte. Eduki, maiztasun, genero edo eredu kontuak landuko dituzte. Era berean, grabaketa egokiak zelan egin ikasiko dute. Saio amaieran nork bere youtube kanala sortuko du. Bigarren egunean bideoak grabatzen, editatzen eta kanalera igotzen ikasiko dute gazteek. Gainera, Twin Melody ahizpen esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute.
Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 8ra arte. Formularioa zein eskaintza honen inguruko argibide gehiago azkuefundazioa.eus atarian daude eskuragarri, B-Tuber izeneko sarreran.