“Hasieran eskatu genuen soldaten igoera kontsumoko prezioen indizearen araberakoa izateko, baina gaur egun prest gaude alde biontzat egokia den igoera bat onartzeko”.
Jakinarazitakoaren arabera, enpresa-batzordea bitan batzartu da enpresaren ordezkariekin. “Lehenengo bileran, uztailean, soldatak irabazien arabera igotzeko proposamena egin ziguten, eta esan zuten langileok opor-egun gutxiago edukiko genuela. Ez genuen onartu. Bigarren bileran, irailean, neurri horiek biak kendu zituzten, eta soldaten igoerak zati bi edukitzeko proposamena egin ziguten: zati bat %75ekoa izango lirateke; eta beste zatia, irabazien araberakoa. Berriro ere ez genuen onartu, eta urrian amaitutzat eman genuen negoziazio-mahaia”.
Enpresa-batzordeko kideak Zornotzan, Durangon, Etxebarrin, Sestaon eta Getxon ere batu dira aurretik, eta egunotan enpresaren langileekin batzartzen dabiltza. Gainera, grebara deitu dute abenduaren 20rako. “Gure ustez, enpresaren jarrera immobilista eta zikoitza da. Espero dugu, mobilizazioen ondoren, zuzendaritzak hausnarketa egitea, eta negoziatzeko jarrera konstruktiboa izatea”.
Lantegi Batuak enpresak 2.500 langile ditu gaur egun, Bizkaian. Egoitza nagusia Loiun dago, eta lantegiak dituzte bertan, Sondikan eta Derion. Era berean, Derioko kiroldegiaren garbiketaz arduratzen dira.
Aikor! aldizkaritik saiatu gara Lantegi Batuak-eko ordezkariekin harremanetan ipintzen, euren jarrera ezagutzeko, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.