Martxan dago Blogetan! lehiaketa

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 13a, 13:27

Azkue Fundazioak eta Argia aldizkariak Blogetan! lehiaketa antolatu dute hirugarren aldiz. Horrek euskarazko blogak eta euskal blogarien lana sustatzea eta saritzea du helburu, baita blogak ezagutzera ematea ere, euskara sustatzeko. Txapelketan parte hartzeko epea otsailaren 24ra arte izango da. Apirilaren 4an sariak banatzeko ekitaldia egingo da Bilbon, Euskararen Etxean.  

Lehiaketan parte-hartu nahi dutenek euren blogak aurkeztu ahal dituzte. Gainera, antolatzaileek hirugarren batzuen blogak proposatzeko aukera eskaini dute. Blogak lau kategoriatan banatuko dituzte: kultura (zinema, literatura, artea, moda, diseinua, sukaldaritza, enologia, musika…); gizartea eta politika (kazetaritza, historia, ekonomia, hezkuntza, zuzenbidea, humanitateak…); aisialdia (zaletasunak, kirola, bidaiak...); eta zientzia eta teknologia (natura, osasuna, arkitektura, informatika…).

Lanak aurkeztu eta gero, bozketaren txanda izango da. Publikoak eta epaimahaiak otsailaren 25etik martxoaren 24ra bitartean emango dituzte puntuak. Publikoaren botoek erdia balioko dute eta epaimahaikoek, beste erdia. Bien artean, kategoria bakoitzeko hiru blog finalistak –guztira 12– aukeratuko dituzte. Ostean, adituek irabazleak hautatuko dituzte martxoaren 26tik apirilaren 2ra bitartean. Epaimahaian hauek izango dira adituak: Azkue Fundazioko kideak; Zuzeu orainkari digitaleko Urko Uranga; June Fernandez, Pikara Magazine aldizkariaren sortzailea eta blogari ohia; Joxe Rojas, Internet ekintzaile euskalduna eta Teknopataren txokoa blogaren sortzaile eta egilea; eta Argiako kideak.

Irabazleek sari hauek jasoko dituzte: Bernat Vidal artistak Azkue Fundazioarentzat diseinatutako garaikurra eta Fnac dendan gastatzeko 200 euro. Hirugarren saria Argia aldizkariak emango du eta bikoitza izango da: aldizkarian kolaboratzeko aukera eta urtebeteko harpidetza.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).