Greba feminista martxan dago Txorierrin. Kapitalismo heteropatriarkalari planto! lelopean, Txorierriko Udalek eta talde feministek hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko. Goizean, autoen karabana batek bailara zeharkatu du. Antolatzaileen esanetan, 100 autok hartu dute parte bertan. Era berean, ekitaldi garrantzitsuena, eguerdian, Derion egin da, eskualdeko elkarretaratzea, alegia.
Ekintzak goiz-goiz hasi dira. Lezaman, esate baterako, girotze feminista prestatu dute herriko plazan. Elkarrekin gosaldu dute, pankartak egin dituzte… Ostean, elkartu dira plazan. Horixe bera ere egin dute Zamudion. Hainbat lagun batu dira Udaletxearen aurrean eta, ekintza borobiltzeko, Igotz Lopez alkateak eta Deine Larrabeiti zinegotziak Udalbatzak aho batez onartutako adierazpena irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz. Besteak beste, berdintasuna bermatzeko politika publikoak ezartzeko eta greban parte hartzeko erraztasunak emateko konpromisoa aipatu dute.
Arratsaldean, Bizkaiko ekitaldi nagusia egingo da Bilbon. Gainera, Zamudion, Sondikan eta Lezaman beste ekintza batzuk antolatuko dira.