Aireportuak sortzen duen zarata ezagutzeko tresna ipiniko du herritarren eskura Aenak

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 13a, 10:18

Datorren astetik aurrera, Bilboko aireportuak Zarataren Mapa Interkatiboa ipiniko du udalen, herritarren eta erabiltzaileen eskura. Hori WebTrak aplikazioa erabiltzen duen bisualizazio-sistema da, eta hegazkinen ibilbidea eta aireportuaren zarata-mailak jasotzen ditu. Zarata-mailak ezagutzeko, monitorizazio-terminal batzuk ipini dituzte inguruan.

Tresnari esker, erabiltzaileek hegazkinen mugimenduak ikusi ahalko dituzte, eta kodeari, altitudeari edo hegazkin-motari dagozkien datuak ezagutu. Hala ere, segurtasun-arrazoiak direla eta, 30 minutuko desfasea egongo da. Datuak 60 egunean egongo dira ikusgai. Bestalde, erabiltzaileek aireportuaren jarduerak eragiten duen zarata-mailak ezagutu ahalko dituzte, eta zarata sortu duen hegazkinaren datuak jakin. Era berean, denbora-tarte bat edota eremu geografiko bat aukeratu ahalko dituzte, eta bertan hegazkinek egin duten zarata jakin. Zarataren Mapa Interaktiboak aukera hau ere emango du: etxebizitza baten eta horren gainean hegan egiten dabilen hegazkinaren arteko distantzia zein den ezagutzea. Azkenik, WebTrak aplikazioaren bidez kexak eta horiei lotutako informazioa helarazi ahalko zaizkio aireportuari, azter ditzaten.