Enplegurako Eskualde Planaren bidez 16 lagun kontratatuko dira Txorierrin

Aikor aldizkaria 2019ko urr. 4a, 13:30

Lanbideren enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2019ko ekitaldiko laguntzen deialdia zabaldu du. Txorierriko Enplegurako Eskualde Planak bat egin du deialdiarekin, eta 16 lagun kontratatuko dira bailaran. Eskaerak urriaren 15era arte aurkeztu daitezke, eta lehentasuna emango zaie laneratzeko arazo larriak dituzten pertsonei.

Zehatz-mehatz, hauek dira eskaintzen diren lanpostuak: administrari bat, Derion; herri-lanetako peoi bi, Larrabetzun; administrari bat, Lezaman; administrari bat eta herri-lanetako peoi bat, Loiun; hirigintzako eta erdi-mailako teknikari bat, Sondikan; administrari bi, Zamudion; eta programatzaile informatiko bat eta sei administrari, Egaz Txorierrin.

Eskatzaileek langabeak izan behar dute, eta Lanbiden izena emanda egon. Gainera, aurreko deialdietan kontratatutakoek ezin izango dute aurtengo deialdian parte hartu. Bestalde, kontratazioen % 30 diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzen duten lagunentzat izango da. Gainerako kontratazioak pertsona hauentzat izango dira: kontratatu aurreko 180 egunean Lanbiden izena emanda dauden 35 urtetik beherako edo 45 urtetik gorako lagunentzat, 55 urtetik gorako herritarrentzat, luzaroko langabeentzat eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan daudenentzat. Era berean, gutxienez, kontratatzen direnen % 40k emakumezkoak izan beharko dute, eta % 15ek, 55 urtetik gorakoak. Kontratuak gutxienez hiru hilabetekoak izango dira, lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).