Bihar egingo da Txorierriko Ekintzailetza eta Enplegu Eguna

Aikor aldizkaria 2019ko urr. 23a, 16:34

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak, EGAZ Txorierrik eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ekintzailetza eta Enplegu Eguna antolatu dute biharko, Derioko Kultur Birikan, 10:00etatik 14:00etara. Goiz osoan zehar, adituek ekintzailetzari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte eta gainera, gazteek lana lortzeari buruzko informazioa lortuko dute.

Ekimenak Txorierriko gazteen enplegugarritasuna hobetzea eta eskualdeko lehiakortasunari laguntzea ditu helburu. Antolatzaileek ekintzailetzaren berri emango diete enplegu bila dabiltzan gazteei edo euren lanbide-karrera bideratzeko informazioa jaso nahi dutenei. Mankomunitateak topaketa gune bat sortu nahi du gazteen eta ekintzaileen artean, elkarrengandik ikasteko aukera ematen duten esperientziak trukatzeko.

Hizlari hauek hasiera emango diote jardunaldiari: Antonio Laso, Aleovitro bioteknologia enpresakoa; Irene Rodríguez, Iddtek ingeniaritzakoa; Virginia Pons, Le Bigott Gastronomic enpresako zuzendari komertziala eta jabekidea; eta Idoya García Boxsr startup-ekoa. Ondoren, EGAZ Txorierriko teknikariek argibideak emango dituzte eskualdeak gazteen ekintzailetzarako eskaintzen dituen zerbitzuei buruz: dirulaguntzak, tutorizazio-zerbitzua…

Hurrengo hitzaldian, Txorierrin enplegua lortzera bideratutako prestakuntza aukeren berri emango da. Geroago, talde-dinamika bat egingo da, enpresek hutsik dauzkaten lanpostuak betetzeko gehien eskatzen dituzten gaitasunak garatzeko. Era berean, hitzaldi hauek biak egingo dira: batetik, Eneko Barcina EGAZek antolatutako enpresa-ideien bideo lehiaketaren irabazlea; eta bestetik, Aitor Isasi, Euskal Herriko Unibertsitateko ekintzailetzako teknikaria. Azkenik, beste mintzaldi bi antolatu dira, ‘Nazioarteko hezkuntza eta lan arloko nazioarteko orientazioa’ lelopean: bata, Ainhoa Oar orientatzailearen eskutik; eta bestea, Susana Cejudo Bizkaiko Lanbideren lurralde arduradunaren eskutik.

 

Informazioa:

emprendimientoempleo.txorierri.eu

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).