Lezama Bizirik elkarteak eskatuko du Txorierriko korridorean gehieneko abiadura 80 km/h-ra mugatzeko

a: Bizkaiko Foru Aldundia 2020ko abe. 22a, 13:39

Eskaera Lezamako Udalari zein Txorierriko gainerako udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari egingo diete. Elkartearen ustez, neurriak hainbat ondorio onuragarri ekarriko lituzke, hala nola ibilgailuek sortzen duten zarata gutxitzea eta atmosferara isurtzen diren gasen eta partikula kutsakorren kopurua murriztea.

Lezama Bizirik elkarteak bere webgunean adierazi duenez, gehieneko abiadura “mugatuta dago Bilbo inguruko edukiera handiko errepide guztietan”. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak aspaldian jakinarazitako datuen eta egindako azterketen arabera, “ abiadura 80 km/h-ra mugatzeak ondorio onuragarri asko omen dakartza. Hori dela eta, Bilboko, Leioako, Barakaldoko eta Mungiako korridoreetan aspaldian jarri zen muga hori”.

Elkartearen hitzetan, abiadura zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoak dira kutsadura akustikoa eta atmosferikoa, erregaien kontsumoa eta istripuen larritasuna eta maiztasuna.  “Horregatik, Txorierriko korridorean izan ezik, Bilbo Metropoliko korridore guztietan gehieneko abiadura 80 km/h-ra mugatu da. Bitxia da Txorierriko korridorean 120 edo 100 kilometro orduko abiaduran joan ahal izatea, baina Arrontegiko inguruetara ailegatzean abiadura 80 kilometro/ h-ra murriztu behar izatea. Zergatik Txorierriko udalerriok eta herritarrok kutsadura eta arriskua pairatu behar ditugu, eta metropoliko gainerako herrietan ez? Horietan ezarritako neurriak berton ere ezartzeko baino ez dugu eskatzen”.

Jakinarazi duten moduan, Txorierriko korridorean gehieneko abiadura 80 km/h-ra mugatzeko eskaera Lezamako Udalari, Txorierriko gainerako udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari egingo diete. Elkartearen iritziz, neurriak lurraldearen eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzea ekarriko luke, zeren eta, segurtasuna hobetzeaz gainera, ibilgailuek sortzen duten zarata eta atmosferara isurtzen diren gasak eta partikula kutsakorrak murriztuko bailirateke eta erregaien kontsumoa gutxituko bailitzateke.  

Bestalde, elkarteak azaldu du Txorierriko korridorea edukiera handiko doako errepide bakarra dela lurraldean, eta, ondorioz, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten kamioi gehienak handik pasatzen direla. “Oraindik ez da ezer larririk gertatu, baina Txorierriko korridorearen istripu-kopurua handia da. Abiadura eta salgai arriskutsuak nahasiz gero, koktel arriskutsua dugu. Horregatik, Txorierriko korridorean gehieneko abiadura 80 km/h-ra mugatzeko ez ezik, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak Hegoaldeko Saihesbidetik bideratzeko ere eskatuko dugu”.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).