Urtarriletik aurrera, Txorierriko herri guztietatik autobusez joan ahalko da aireportura eta Parke Teknologikora

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 23a, 13:43

Bizkaibuseko A2153 lineak Bilbo, Erandio, Loiu eta Derio lotzen ditu, eta linea horretan egingo den aldaketari esker, urtarriletik aurrera Txorierrik zuzeneko lotura izango du aireportuarekin eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearekin. Beraz, leku bietara joan ahalko da garraio publikoa erabilita, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izango Bilbon autobusa hartzea.

Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru diputatuaren esanetan, "Horrela, Txorierriko bizilagunen aldarrikapen historiko bati erantzuten diogu; izan ere, aireportu eta parke teknologikotik oso gertu egon arren, bi helmuga horietako edozeinetara garraio publikoan iristeko, lehenik Bilbora joan behar zuten, eta handik beste autobus bat hartu".

Eskaerari erantzuteko, A2153 linearen ibilbidea Deriotik Larrabetzuraino luzatuko da eta geraleku berriak izango dira Zamudion, Sondikan, Lezaman, Larrabetzun, aireportuan eta Parke Teknologikoan. Zehazki, aireportuko geralekua A3247 Bilbo - Aireportua/Aeropuerto linea geratu ohi den toki berean izango da; eta Teknologia Parkean, leku hauetan: Arteagan, Innobasquen eta Itsasontzi edo Barco deritzon eraikinean. Bestalde, zapatuetan eta jaiegunetan, Loiuk Bilborekin dituen loturen maiztasuna hobetu egingo da eta autobusa orduero irtengo da.  

Aldaketaren ondorioz, A2153 lineak izena berria izango du:BILBO - Txorierriko Korridorea/Corredor del Txorierri – LARRABETZU. Lanegunetan eta zapatuetan, autobusa orduero aterako da Bilbotik (Elkano 5), 07:00etatik 22:00etara; eta jaiegunetan, 08:00etatik 22:00etara. Larrabetzutik ere orduero irtengo da 06:20tik 21:20ra, lanegunetan eta zapatuetan; eta 07:30etik 21:30era, jaiegunetan. Autobusa ez da Parke Teknologikotik jaiegunetan pasatuko.  

Bestalde, egungo A3248 Astrabudua - Erandiogoikoa - Sondika linea desagertu egin da, A2153 linea berriaren eta Erandioko Udalak berak antzeko ibilbideak dituzten hiri-zerbitzuen ezarpenaren eraginaren ondorioz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).