EGAZ Txorierrik 51 enpresa-ideia garatzen lagundu zuen 2020an

Aikor aldizkaria 2021ko api. 6a, 13:34

Ekonomia Sustapenerako Zerbitzuak jakinarazi duenez, 2020an 51 enpresa-ideia garatzen lagundu zuten eta proiektu horietatik 28 ipini ziren martxan. Hortaz, 31 lanpostu berri sortu ziren Txorierrin.

Alex Loustaunau EGAZ Txorierriko gerentearen esanetan, zerbitzuak hainbat urte daramatza erabiltzaileei enpresa berriak sortzeko tresnak eskaintzen. “Helburua da testuinguru lagungarria sortzea, ekintzaileak zein enpresak hazi daitezen, ongizatea eta enplegua sortu ditzaten eta gaur egungo merkatuaren erronkei aurre egiteko behar moduko eskala-ekonomia lortu dezaten”. Horretarako, tutoretza pertsonalizatuen bidez, EGAZ Txorierrik Negozioaren Plana egiteko aukera eskaintzen die erabiltzaileei; hau da, negozio-ideia proiektu egituratua bihurtzeko aukera. Bertan, besteak beste, enpresaren helburu orokorrak eta berariazkoak zehazten dira, helburu horiei heltzeko estrategia, organizazioaren egitura, egin beharreko diru-inbertsioa eta arazoei aurre egiteko konponbideak. Gainera, informazioa ere eskaintzen die forma juridikoei, izapideei eta dirulaguntzei buruz.

Bestalde, EGAZ Txorierrik ekintzaileentzako ikastaroak ere antolatzen ditu, enpresa-kudeaketari lotutako ikastaroa kasu, eta, behin enpresa martxan ipiniz gero, Ekonomia eta Enplegua Sustatzeko Zerbitzuaz baliatzen da ekintzaileei proiektua sendotzen laguntzen jarraitzeko eta helburu berriak ezartzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).