Azaroaren 1etik azaroaren 21era bitartean egingo da Aiarako Kuadrillak prestatutako Txakoli-Bizi enoturismoaren hilabetea. Bisitariei eskualdeko ateak parez pare irekitzea du helburu egitasmoak.
Bilbo zein Gasteiztik gertu dagoen eskualdea da Aiaraldea, ingurune natural ikusgarri batean kokatuta. Bertako herrietan orotariko jarduera kulturalak egin daitezke, eta ugariak dira bisitariek aurkituko dituzten museoak. Gastronomia aberatsa duen zonaldea ere bada Aiaraldea. Hain zuzen ere, Aiaraldeko gastronomiako produktu izarrari jarriko diote arreta enoturismoaren hilabetean: txakolina.
Txakolina ardatz
Aiaraldeko upategietako sekretuak argitara aterako dituzte enoturismoaren hilabetean, eta jarduera sorta prestatu dute horretarako. Azaroaren 7an showcooking-a eskainiko du Luis Angel Plágarok Amurrioko San Anton Plazan, Gasteizko Sukalki Plágaro tabernako kideak. Arratsaldean, halaber, Amurrioko Likorearen Museoa bisitatzeko aukera egongo da.
Azaroaren 13rako irteera prestatu dute Gure Ahaleginak eta Artomañako txakolindegietara, eta Mikel Garaizabalek gidatutako dastaketaz gozatzeko aukera egongo da. Gainera, doako garraioa antolatu dute txakolindegietara joateko; autobusa 10:15ean abiatuko da Laudiototik eta Luiaondon zein Amurrion egingo ditu geldiuneak. Buelta 13:30ean egingo dute.
Azaroaren 14an, Enoturismoaren Munduko Eguna dela probestuz, brindisa egingo dute Arcos de Quejana jatetxeko baso margotuan.
Azkenik, egitarauari amaiera emateko, bigarren showcooking bat eskainiko dute azaroaren 20an Laudioko Aldai Plazan. Oraingo honetan Zigor Iturrieta ETB1-eko "Txoriene" saioko aurkezleak gidatuko du ekintza.
Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, baina derrigorrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako Aiaraldea.org atarian sartzea besterik ez dago. Bestalde, txakolinarekin senidetutako menuak zozketatuko dira ekimenean parte hartzen duten tabernetan eskualdeko txakolina edo bermuta eskatzen duten guztien artean.
