Hondakinak sortzea prebenitzeko kanpaina martxan ipini du Mankomunitateak

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 14a, 10:17

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak adierazi duenez, eskualdeko 120 ostalaritza-establezimendurekin baino gehiagorekin ipiniko dira harremanetan, kanpainaren berri emateko. Teknikariek bisitatuko dituzte, eta informazioa emango diete hondakinak batzeko sistemari buruz, hondakinak modu zuzenean bereizteari buruz eta hondakin-mota bakoitzari dagokion ontziari buruz; arreta batez ere hondakin organikoetan –okela, arraina, barazkiak…– ipiniko dute. Helburua da hondakinak sortzea prebenitzea eta sortzen direnei irtenbide jasangarria ematea.

Informazioa emateaz gainera, sentsibilizazio-kanpaina egingo da, ostalaritza-establezimenduen erantzukizuna eta parte-hartzea bultzatzeko. Era berean, ostalariek zalantzak argitu ahalko dituzte, eta teknikariei iradokizunak eta kexak helarazi. Bestalde, hala eskatzen dutenek jasoko dituzte ontzi marroiak edo kaleko ontzi marroiak zabaltzeko giltzak. Gainera, Zamudioko establezimenduek poltsa konpostagarriak jasoko dituzte eta kaleko ontzi marroia zabaltzeko txartela elektroniko bana. Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutako ekintza da.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).