Alerta horia gaurko, tenperatura altuak direla-eta

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 14a, 11:39

Manu Mangalassery (www.pexels.com)

Eusko Jaurlaritzak alerta horia ezarri du gaurko, bero handia egingo duelako. Aurreikuspenen arabera, 13:00etatik 19:00etara bitartean 35 graduko tenperatura egingo du. Harrezkero, haizea aldatuko da, ipar-mendebaldetik etorriko da, eta tenperatura 10 gradutan jaitsi ahalko da.

Eusko Jaurlaritzak gomendioak zabaldu ditu bero handiari aurre egiteko. Batez ere hauek babestu behar dira: adinekoak eta lau urtetik beherako umeak; haurdunak eta bularra ematen dabiltzan emakumeak; gaixo kronikoak; autonomia mugatua duten lagunak; eta aire zabalean lan egiten duten pertsonak. Tenperatura handiek deshidratazioa sor dezakete, hau da, ur gehiegi eta elektrolitoak izerdia botatzeagatik galtzea. Hori ekiditeko, egarri izan baino lehen, ura eta likidoak sarritan edatea da gomendagarria. Gainera, ez da kafeina, alkohola eta azukre asko duten edariak hartu behar, ezta janari koipetsuak ere. Euren ordez, komeni da entsalada, fruta eta barazkiak jatea.

Tenperatura handiaren beste kalte bat intsolazioa edo bero-kolpea izan daiteke, hots, gorputzaren tenperatura egokitzeko sistemak huts egitea. Buruko mina, zorabioa, goragalea, sukarra eta nekea horren sintomak dira; kasu larrienetan, baita konbultsioak, portaera-aldaketak eta kontzientziaren asaldura ere bai. Horiek azaltzen badira, 112 zerbitzura berehala deitu behar da. Intsolaziorik ez izateko, Eusko Jaurlaritzak jarraibideak eman ditu: aire zabalean, eguzkitan ez jarri eta jartzen bagara, eguzkiarengandik babestu kapela jantzita, arropa arina erabili eta ariketa fisiko handirik ez egin; eta barrualdean, ez erabili beroa sortzen duten makinarik, haizagailuak piztu eta noizbehinka freskatu burua eta eskuak urarekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).