Aldundiak hainbat neurri hartuko ditu garraio publikoa sustatzeko

Aikor aldizkaria 2023ko aza. 9a, 08:14

Bizkaiko Foru Aldundiak kalitateko zerbitzuen bidez garraio publikoa sustatzeko plana egin du. Planak sei jarduketa ditu, aurten hasi eta 2027ra arte garatuko direnak: Bizkaibusen Bidai 50, Bidai 70 eta Bidai Oro tituluak sartzea; zonakatze-sistema sinplifikatzea; transbordoen kostua kentzea; tarifak bateratzea; zonakatze-sistema sinplifikatzea; Bizkaibuseko maiztasunak hobetzea eta gobernantza-eredu berria ezartzea.

Planaren helburua da Bizkaiko garraio publikoa sistema-sare bakarra eta integratua izatea, eta garraio publikoa gehien erabiltzen dutenek abantailak izatea. Horretarako hartuko den lehen neurria da datorren urtetik aurrera Bizkaibusen Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (CTB) aldi baterako tituluak sartzea: Bidai 50, Bidai 70 eta Bidai Oro. Ondorioz, autobusaren erabiltzaileek metroaren erabiltzaileek dagoeneko erabiltzen dituzten titulu berberak erabili ahalko dituzte, eta deskontu berberak izan. Planaren beste neurri bat da  zonakatze-sistema sinplifikatzea eta 2025ean bost zona egotetik hiru zona egotera pasatzea.  

Bestalde, transbordoen kostua kenduko da, eta horretarako, datorren urtean proba pilotua egingo da Bizkaibusen. Neurria garraiobide guztietan ezarriko da 2027an. Urte horretan ere garraio publikoko operadoreen tarifak bateratuko dira eta sistema bateratu berriak kontuan hartuko ditu erabileraren maiztasuna eta erabiltzaileen errenta. Halaber, aurreikusi da 2027rako Bizkaibuseko maiztasunak aztertzea eta hobetzea, eta garraio publikoko beste aukerarik ez duten eremuetan zerbitzua indartzea. Bikoiztasunak ere aztertuko dira, garraio publikoa berrantolatzeko eta optimizatzeko. Azken neurria da gobernantza-eredu berria ezartzea, erabateko integrazioa– administratiboa, tarifa modalari lotutakoa eta teknologikoa– lortzeko eta gaur egungo eta etorkizuneko azpiegiturak modu partekatuan gehiago erabiltzeko.

Deskontuak

Bizkaiko Foru Aldundiak, beste alde batetik, garraio publikoaren tarifetan ezarritako % 20ko hobariari eutsiko dio datorren urtean, eta Bilboko Metroan indarrean dauden deskontuak datorren urteko urtarrilaren arte luzatuko dira: deskontuak ez ziren uztailaren 13 egunean ezarri eta neurriak hori konpentsatuko du. 

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren esanetan, neurri iraunkorrak dira, epe ertainerako eta luzerako helburuak dituzte, eta ez datoz bat inflazioak eta egungo egoera geopolitikoak eragindako egoera sozioekonomikoarekin. Azaldu moduan, zerbitzuak hobetzea Bizkaia Denontzat legealdiko planean dago jasota, “lurralde-oreka eta bizkaitar guztien aukera-berdintasuna indartzeko”, eta funtsezkoa da “klima-erronkari heltzeko eta ingurumen-trantsizioan aurrera egiteko, mugikortasuna deskarbonizatzen laguntzen baitu”. Era berean, Etxanobek adierazi du Aldundiak funtsezkotzat jotzen duela “garraio publikoko sistema eraginkorra eta kalitatekoa izatea”, eta aurrekontu-proiektuan 195 milioi euro bideratu dituztela garraio publikora, metrora eta Bizkaibusera. “Kopuru hori Aldundiaren baliabide ekonomikoren % 12 da”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).