Banatu dituzte Tokikom Sariak

Aikor aldizkaria 2024ko aza. 25a, 13:25

a: Tokikom

Sarien zortzigarren edizioaren bueltan, ekitaldia egin zuten barikuan, azaroak 22, dozenaka lagunek Artikan. Lau sari banatu ditu aurtengoan tokiko hedabideen bateraguneak: eduki onenarena Gukak jaso du; azal onenarena, Guaixek, ikus-entzunezko onenarena, Antxeta irratiak; eta Nafarroa saria, Pulunpek. Gainera, euskarazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko eta gogoetak partekatzeko abagunea izan zuten ekitaldira joandakoek; izan ere, hainbat adituk hitzaldiak eskaini zituzten.

Iban Aranzabal Tokikomeko ordezkariaren ongietorri hitzen ostean, erakundeetako ordezkariek hartu zuten hitza. Nafarroako Gobernuaren izenean, Jabier Arakama Euskarabideako zuzendariak tokiko hedabideek komunitatea eratzeko duten gaitasun nabarmendu zuen: “Jendartea euskararen inguruan sentsibilizatzen laguntzen duzue”. Halaber, Euskarabideak tokiko hedabideekin duen atxikimendua ere azpimarratu zuen. Haren ostean, Jokin Azkue HABEko zuzendariak hitz egin zuen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren izenean. Tokiko hedabideak berrindartzeko beharra azpimarratu zuen, mundu mailan gertatzen ari diren aldaketen aurrean: “Kontsumoan ere aldaketak ematen ari dira, eta horren adibide dira sare sozialak. Oinarrian, baina, hedabideen kalitatea dago, eta horiek gabe ezin da kontsumoa sustatu”. Eusko Jaurlaritzak “bidelagun” izan nahi duela esan zuen, eta lankidetzarako luzatu zien eskua tokiko hedabideei.

Hitzartzeen ostean, 2024ko Tokikom Sariak banatu zituzten. Azal onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan da, “Matxismoa ari du” goiburu duen aldizkariaren azalari esker. Edorta Aranak, Maria Gorosarri Gonzalezek eta Amaia Pavonek osatu dute 2024ko Tokikom Sarien epaimahaia, eta haiek esan zutenez, martxoko zenbakiaren azala “oso ondo landua” izan zen. “Emakumeen Nazioarteko Egunari erreferentzia eginez, mezu garbia helarazten du. Gainera, irudi zehatzen eta sinboloen arteko konbinazio ederra egiten du, eta nahiz eta irudia sinplea izan, oso adierazgarria da”. Azalaren konposizioa koloreen bidez “oso ondo” integratuta dagoela ere azpimarratu zuten.

Edukirik Onenaren Saria Azpeitia Gukarentzat izan zen. Maialen Etxaniz kazetariak aldizkariaren maiatzeko zenbakirako “Gelditu dira inprentaren makinak” izenburupean egindako erreportajea nabarmendu zuen epaimahaiak. Azpeitiko azken familia inprentaren itxiera oinarri hartuta osatutako erreportajea “oso egoki” egina dela azpimarratu zuen epaimahaiak. “Tokikotasun handia du edukiak, eta lekukotasunaren balioaz osatuta dago artikulua. Gainera, estetika ere ondo zaindua dago, iraganeko eta oraingo argazkiak ondo integratuta baitaude”.

Ikus-etzunezko Onenaren Saria, berriz, Antxeta irratiarentzat izan zen, “Uhin inklusiboak” lana tarteko. Ikus-entzunezko eduki sorta hori jendarte eredu anitzagoaren eta inklusiboagoaren aldekoa dela esan zuen epaimahaiak. Izan ere, migrazioaren gorabeherak beren larruazalean bizi dituztenei eman diete hitza. “Gaiaren trataera egokia da, eta tokian tokitik lantzen du migrazioaren fenomeno globala”, azaldu zuen epaimahaiak. Gainera, alde estetikoa ere “oso landuta” dagoela azpimarratu zuten epaimahaikideek, eta kazetaritza aldetik “oso lan borobila” dela adierazi.

Aurten, baina, sari berezi bat ere banatu du toki komunikabideen bateraguneak. Hain zuzen, ekitaldia Nafarroan egin zenez, eta Nafarroako Laboral Kutxaren babesletzari esker, Nafarroa Saria eman dute. Lurralde horretako kultur ondarea ondoen islatzen, aniztasuna ondoen transmititzen eta Nafarroaren irudia eta atxikimendua ondoen sustatzen duen edukiari eman diote saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazio taldeak argitaratutako Dialeko azkenak ikus-entzunezko lanari eman diote Nafarroa Saria. Epaimahaiak Pulunpek argitaratutako lana azpimarratu zuen, “oso ondo” jasotzen duelako garai batean Nafarroako toki askotan pil-pilean zegoen euskarafobia. “Euskara hutsezko irratia bultzatu zuten herritarren, irratiko lehenengo esatarien, ondoren pasatu zirenen, orduko euskara teknikarien, entzuleen eta kolaboratzaileen iritziak oso ongi daude jasota dokumentalean”.

Hainbat hizlari

Behin sari banaketa ekitaldia bukatuta, euskarazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko eta esperientziak zein gogoetak partekatzeko aukera izan zuten Artikan bildutako profesionalek. Horretarako bidea eman zieten Jon Sarasua Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak, Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak.

Sarasuak jardun zuen Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren baitan egiten ari diren lanketaz eta lanketa horretan hedabideei aitortzen dieten paperaz. Izan ere, datozen 25 urteetan euskarak egin behar duen bidean estrategikotzat jotzen dituzte tokiko hedabideak, euskarak, eskala gehienetan ez bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera daukala iritzita. Eta ildo horretan, eskualdeetako hedabide multimedien estrategia izendatu dutenaren ardatzak zeintzuk diren azaldu zuen. “Orain arte egin duguna egitea ez dugu nahikoa izango; 80ko hamarkadan ETBren aldeko apustu garbia egin zen, baina aurrera begira, euskal hedabidegintzan matrize aldaketa behar dugu, dena askoz gehiago fragmentatuta dagoelako”. Eskualde mailako komunikazioan euskarazko hedabide taldeek lidergoa har dezaketela esan zuen, “lidergo garbia eskualde euskaldunetan, eta lidergo esanguratsua ez horren euskaldunetan”, eta Goiena jarri zuen horren adibidetzat.

Sarasuak behin baino gehiagotan nabarmendu zuen ideia baten ildotik, gauzak berdin egiten jarraitzea aukera bat ez dela adierazi zuten AEK-ko Etxezarretak eta Gartziak ere euren hitzartzean. Aurki 50 urte beteko ditu AEK-k, eta urteotan guztiotan, garaian garaiko testuingurura egokitu ahal izateko ezinbestekoa izan dute etengabeko eraldaketa. Gaitasuna izan dute baldintza politikoak eta barne gaitasunak aprobetxatzeko, eta aurrera egiteko. Aldaketak aukeratzat hartu izan dituztela kontatu zuten, eta urteotan egindako aldaketek xehetu zituzten: elkartearen izaera juridikoan egindako aldaketak, egituran egindakoak, funtzionamenduan, komunikazioan eta abar. Gaur egun Euskal Herri guztian 97 euskaltegi eta 41 ikasgune ditu AEK-k, ia 600 bazkide, eta hainbat zerbitzu ematen ditu: euskara eskolak ematen dituzte, hizkuntza aholkularitza eskaintzen ditu, itzulpengintza eta zuzenketa zerbitzua, mintzapraktika egitasmoak eta abar. “Gabeziei erantzuteko gai izango den funtzionamendua eta organigrama onartuta, horiek indarrean sartzeko lanean ari gara. Horiek erabakitzeko bidean, funtsezkoak izan dira bazkideen parte hartzea eta bakoitzak bere roletik egin duen ekarpena, eta erresistentziak egon diren arren, horiek ere aberastu egin dute prozesua”.

Azkenik, elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak, “elDiario.es: un periódico con socias y socios “hitzaldian, beren hedabidearen ereduaz hizketan jardun zuen, kazetaritza independentea egitea ahalbidetzen diena 95.000 bazkideren sostengua izatea dela argudiatuta, “bazkideena eta ez harpideena”. Bazkideak proiektuaren protagonistak direla esan zuen, haiek direla proiektuaren erdigunean daudenak, eta haiei esker independentzia editoriala blindatzen dutela botere politikoaren, enpresarialaren eta ekonomikoaren presioen aurrean. Herritarrak erakartzeko estrategiez eta haien atxikimendua lortzeko gakoez jardun zuen Argelinak, eta baita bazkideei modu esklusiboan eskaintzen dizkieten produktuez zein zerbitzuez ere. “Bazkideak asko zaintzen ditugu, xehetasunak ere bai, eta hori asko balioesten duten zerbait da. Gauzak etengabe hobetzen saiatzen gara, eta horretaz jabetu egiten dira eta eskertu egiten digute”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).