Derioko eta Lezamako geltokien arteko tren-zerbitzua etengo da Aste Santuan, lanen ondorioz

Aikor aldizkaria 2025ko api. 16a, 13:43

Euskal Trenbide Sareak jakinarazi duenez, Derioko eta Lezamako geltokien arteko Euskotren zerbitzua bertan behera geldituko da apirilaren 17tik 20ra bitartean, Zamudioko geltokian trenbide-azpiegitura hobetzeko lanak egingo direlako. Alternatiba moduan, autobus-zerbitzua ipiniko da bi geltokien artean, eta Lekunbizen, Zamudion eta Kurtzen ere geldituko da. Hala ere, zapatu gauean, apirilak 19, ez da autobus-zerbitzurik egongo.

Esan moduan, trenaren ohiko ordutegiaren aldean, autobusak 10 minutu lehenago aterako dira Lezamatik. Bestalde, hemen kontsultatu daiteke geralekuak non egongo diren.

Lanei dagokienez, eta Euskotrenek azaldutakoaren arabera, Zamudioko geltokiaren inguruan gaur egun dagoen balasto gaineko trenbide gainegituraren ordez, plaka gaineko gainegitura ipiniko da, finkapen zuzena izango duena. “Horri esker, trenbidearen geometriak ez du aldaketarik jasango nasaren eremuan. Era berean, bibrazioen aurkako babes-sistema jarriko da plaka gaineko trenbidearen lauza berriaren azpian, berritutako tarte osoan”. Zehatz-mehatz, 110 metroko tartea da, nasaren hasieratik geltokiaren ondoko oinezkoentzako trenbide-pasaguneraino. “Jarduketa Zamudio eta Kurtze arteko trenbidea berritzeko proiektuaren parte da, eta guztira 604.591,47 €-ko aurrekontua du (BEZik gabe)”.