Hala zioen Jasone Astolak inmigrazioaz idatzi zuen iritzia artikuluan: “Han duten bizimodua hobetzeko lan egiten ez bada, inmigrazioa geldiezina da. Pertsonek jaioterria maite dugu, hala ere, denok dugu herriz aldatzeko eskubidea, norberaren borondatez denean, baina negargarria da goseak eta beldurrak bultzatua ihes egin behar izatea. Alde egiten duten gehienek ez lukete alde egingo, behartuta egon ezean”.
Kontatu genuen ere Victor Madariaga sondikoztarrak bigarrenez irabazi zuela Bizkaiko Odolosteen Txapelketa. Odoloste onenak egiteko sekreturik ez dagoela zioen: “lehengai onak erabili eta odolosteei puntua hartu, besterik ez”.
Gurean izan genuen Evaristo, La Polla atzean utzi eta Gatillazo talde berriarekin zetorren Zamudioko jaietara: “publikoa La Polla entzuteko asmoarekin etortzen bada kontzertuetara, gero eta gutxiago etorriko da, Gatillazo izan nahi dugulako, eta kito”.
Kontatu genuen ere hegaztien gripeak alarmak piztu zituela gurean eta honen aurkako koordinazio eta jarraipen batzordea sortu zutela nekazariek eta erakundeek.
Domu santua pasata Rosi Llonak eta Agustin Landetak hilerrietarako lore koruak nola egiten diren kontatu ziguten: “prozesu osoa kontuan hartuta, lau ordu emoten dira kurkubiez osatutako koroak egiteko. Krisantemoakaz ordu bete emoten dogu”.
Palestina genekarren portadan. Igor Urrutikoetxea lezamarra bertan izan zen Askapenak antolatutako brigadan. Cisjordanian eta egun Israel osatzen duten lurraldeetan ibili zen Igor. Honakoa zioen: Palestinarrek laguntza politikoa eskatzen dute, gatazka errotik konpontzeko. Batzuek estatu bi –Gazak eta Cisjordaniak osatutako Palestina estatua eta gaur egungo Israel estatua- sortzea proposatzen dute konponbide moduan; sektore zabalenak eta eskuindarrak, berriz, estatu laiko bakarra sortzearen alde daude. Estatu horretan, judutarrek eta palestinarrek eskubide berberak izango zituzten maila guztietan, eta 1948. urteko gerratik hona alde egin behar izan duten palestinar guztiek euren lurraldera bueltatzeko eskubidea edukiko zuten, nahi izanez gero. Israelek ez du azken puntu hori onartzen. Nire ustez, hori izango zen irtenbiderik egokiena eta Europa Batasu-nak (EB) zein AEBk Israel bakerako urratsak ematera derrigortu beharko lukete.