Bizkaibusek 3223 eta 3250 autobusetako Bilboko geralekuak aldatu ditu Artxandako tuneleko itxieragatik

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 4a

Txorierri eta Deustu lotzen dituen Artxandako tunela itxi egin dute obrengatik sei hilabeterako. Horrenbestez, Bizkaibusek aldaketak egin ditu bertatik pasatzen diren autobusen ibilbide eta geralekuetan.

Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, Bilbo eta Larrabetzu arteko 3223 autobusean, Museo Plaza eta Deustuko Unibertsitateko geralekuak kendu dituzte Larrabetzurako noranzkoan eta Deustuko Unibertsitatekoa Bilborakoan. Alameda Rekalde kalean jarri dute aldi baterako geralekua, La Salve zubitik hurbilen dagoen aldean.

Gainera, Bilbo eta Zamudioko Parke Teknologikoa batzen duen 3250 autobusari dagokionez, ez da erabilgarri egongo Deustuko Unibertsitateko geralekua bi norabideetan. Kasu honetan ere La Salve zubira lekualdatu dute geralekua.