Zure ikuspegitik, zelan ikusten duzu umeen eta gazteen pantailen erabilera?
Egoera larria da. Ikasleak bataz beste egunero sei orduz erabiltzen dute mugikorra, badaude mugikorrik ez dutenak, baita 12 ordu erabiltzen dutenak ere. Kontuan izan behar dugu, pediatren gomendioa dela askoz jota egunero bi ordu erabiltzea. Eta horrek arazo asko ekartzen ditu: ez dute irakurtzen, kirol gutxiago egiten dute, txarrago jatea… Epe luzera arazo fisiko eta mentalak ekarriko ditu. Ikastekei dagokioenez, ulermen arazoak dituzte, harremantzekoak edota arreta jartzekoak.
Alde horretatik, ikasgeletan ere pantailak erabiltzen dituzte, ez al da kontradikzio bat?
Nire kasuan, aurten erabaki dut ez dudala ordenagailurik erabiliko. Arazoa ez delako erabilera bakarrik, irakasleak poliziak izan behar gara, denbora guztian adi egon behar zara zertan dabiltzaten, batzuetan jolasten edo sartu behar ez diren webguneetan sartzen direlako. Webguneak blokeatzen ditugu, baina irtenbidea aurkitzen dute. Azkenean lan handia da, eta ezer gutxi ikasten dute pantailen bidez.
Eta zure kasuan ulergarria izan daiteke, baina bestelako irakasgaietan?
Oinarrizko konpetentzietan banatuta daude, eta horien artean dago konpetentzia digitala, eta irakasgai guztietan landu beharreko zerbait da. DBHtik atera behar dira konpetentzia digitala jakinez, eta hori irakasle guztion ardura da. Hau da, denek erabili behar dute teknologia, baina agian beste modu batera planteatu beharko litzateke. Dena ez da ordenagailura bideratu behar.
PISA emaitzek, ordea, agerian utzi dute digitalizazio prozesu hori.
Gaur egun ez da bakarrik pantailen erabilera, zertan dabiltzaten ere indar handia dauka. Adibidez, nire garaian Nintendo kontsola erabiltzen genuen gehiago, eta bertako jokoek epe luzerako saria ematen zizuten, hau da, prozesu bat igaro beharra zegoen, normalean luzea. Egungo jokoak oso bestelakoak dira, berehalakotasuna bilatzen dute. Hori umeentzako dopamina da, eta ezin dugu horren kontra ezer egin, ezin direlako adi egon ez badute berehala emaitza jasotzen. Kontzentrazioa galtzen dute, irakurmenarekin, esate baterako, oso lotuta dago. Era berean, ez badute irakurtzen, ezin dute ulertu. Eta gero dator ikastea. PISA emaitzetatik haratago, aspalditik daukagu kezka irakasleok. Ikasle askok dependentzia dute eta guzti, ezin dira mugikorrik gabe bizi.
Lehen ikastetxeak izaten ziren pantailarik gabeko espazioak, orain ezta hori ere.
Lehengora itzultzen gara, medikuen gomendioa bada egunero gehienez bi orduz egotea pantailaren aurrean, eskolan bakarrik egonda gainditzen dute goiz baten. Arbel digitalean egindakoak gordetzeko aukera dago, eta ikasle batzuek horiek bidaltzen eskatzen zidaten eta nire borondate onarekin bidaltzen nituen. Konturatu nintzen klaseetan beraiek arbelekoa ez kopiatzeko modua zela. Arazoa argi dago, baina ertz asko ditu. Azkenean helmuga berdina da: ikasleek, ahal badute, ez dute ezta ahalegina egiten ere. Hor dago ere adimen artifizialaren erabilpena, batzuetan ez du merezi etxeko lanak bidaltzea denek horren bitartez egiten dituztelako eta batzuetan ez dago jakiterik erabili baduten edo ez.
Orduan, posible da pantailen bidez ikastea?
Oso zaila da, ezetz esango nuke. Adinaren arabera ere bada, gero eta nagusiagoa izan hobeto moldatzen zarelako eta kontzientzia ere bestelakoa da. Nerabezaroan oso zaila da, gauza gehiegi dituzte buruan eta modurik errazena bilatzen dute. Pantailarik gabe hobeto egongo ginateke. Horrek ez du esan nahi ez dugunik jakin behar zelan funtzionatzen duten eta zertarako balio duten. Drogen inguruko hitzaldiak ematen dira, baina ez dira zuzenean erabiltzen. Eta gaur egun pantailak droga baten bilakatu dira. Lehengo metodologia klasikoa berreskuratu beharko genuke apur bat, hau da, kopiatu, azpimarratu eta horrelakoak.