Jozefek 39 urte ditu eta bere bizitza Eslovakia eta Zamudio artean banatzen du. Hau da, denboraldi batez bere herrian izaten da; eta beste denboraldi batez, gure artean. Lanak ekarri du Euskal Herrira; eta Txorierrira, lasaitasunak.
Zertan egiten duzu lan?
Eslovakiako multinazional baterako egiten dut lan 1997. urtetik hona. Unibertsitatean Ekonomia ikasi nuen, baita gaztelania eta frantsesa ere, eta enpresa honetan hasi nintzen karrera amaitu nuenean. Ibilgailu-industrian dihardugu eta hainbat herritako enpresekin egiten dugu lan, Euskadikoak eta Espainiako Estatukoak, haien artean. Lehen, hemen genuen sukurtsala, baina Europar Batasunean sartu ginenetik ez da beharrezkoa, eta itxi egin zen. Enpresa-ordezkaria naiz, eta, lanaren arabera, denboraldi bat berton ematen dut; eta beste bat, nire herrian. Gure enpresak 600 langile ditu: 500, Eslovakian bertan; eta beste 100ak, mundu osoan zehar sakabanatuta.
Bartzelonan urtebete eta erdi eman ostean, Zamudiora orain dela 12 urte ailegatu zinen. Zergatik Zamudio eta ez beste herri bat?
Bilbon ere izan naiz... baina hau lasaiagoa da. Ez dago auto-ilararik eta aireportua oso hurbil dago. Hori abantaila da, nik bidaia asko egiten ditudalako. Gainera, Bilbora joan nahi badut, trena har dezaket. Egia esan, nahiago dut kanpoaldean bizi; ez zait hirian bizitzea gustatzen.
Antzekotasun/ezberdintasun handiak daude Eslovakia eta Euskal Herriaren artean?
Hemengo bizi-maila Eslovakiakoa baino altuagoa da, baina paisaia, adibidez, oso antzekoa da, guk itsasorik ez dugun arren.
Jendea oso jatorra da eta bertaratzea ez da zaila izan.
Euri asko egiten duen kexa dute batzuek...
Ni Eslovakiako iparraldean jaio nintzen eta han ere euri asko egiten du. Beraz, ez dago arazorik. Klima hezeagoa da hemen, beharbada, baina tenperaturak hobeak dira, neguan Eslovakian zero azpiko 25 gradura ere hel daitekeelako. Bestetik, nik bidaia asko egin ditut, eta uste dut munduko edozein lekutan arazo barik bizi naitekeela, baina ezin dut beroa jasan... Bartzelonan txarto pasatu nuen beroagatik.
Beraz, janariarekin, ohiturekin... arazorik ez.
Konfirma dezaket Euskal Herria dela ondoen jaten den Estatutako erkidegoa. Elikadurari dagokionez, zuek arrain gehiago jaten duzue, itsasoa duzuelako. Guk, ibaiko arrainak hartzen baditugu ere, okela gehiago jaten dugu... Dena dela, orokorrean ez dut arazorik izan herrira egiteko...
Zerbaitek deituko zizun arreta...
Badakizue ondo pasatzea. Hemen taberna asko dago eta jendeak ohitura du bertan kafea hartzeko, zerbait jateko, lagunekin batzeko... Eslovakian pubak ditugu, eta tabernak zabaltzen badoaz ere, ez dago hainbeste. Muga dugu Alemaniarekin eta lana ere haiekin egiten dugu. Ondorioz, gure bizitzeko era oso alemaniarra da: estres handia eta dena azkar egin behar. Bizitza askoz lasaiagoa da hemen. Lan-ordutegia ere ezberdina bada. Nire herrian, eta lan motaren araberakoa bada ere, 7:30etik 16:00etara egin ohi dugu lan. Zuek, berriz, arratsaldean ere bazabiltzate lanean eta ohitu behar izan naiz. Denden ordutegia ere ezberdina da... Are gehiago, dendak eta supermerkatuak astelehenetik domekara daude zabalduta Eslovakian; eta hemen jaieguna duzue domekan. Funtsean ondo dago, atsedena guztiok hartu behar dugulako.
Hizkuntz asko hitz egiten duen pertsona zara: ingelesa, poloniera, txekiera, italiera... eta beste batzuk. Gaztelaniaz ere oso ondo hitz egiten duzu.
Ikastea eta praktikatzea ezberdinak dira. Egia esan, hona ailegatu nintzenean, ia guztia ulertzen banuen ere, kostatu egiten zitzaidan hitz egitea. Orain askoz hobeto hitz egiten dut. Bestetik, nabaritu dut euskara, duela 12 urte baino gehiago entzuten dela orain: kalean, gazteen artean, seme-alabekin, enpresetan... Oso ondo deritzot, gure hizkuntzaren, sustraien eta kulturaren alde egin behar dugulako.
Ondo sentitzen zara berton? Integratuta?
Ailegatu nintzenean ezberdina zen, hainbeste atzerritar ez zegoelako eta jendea irekiagoa zelako. Orain etorkin gehiago dago... Dena dela, ezin ditugu pertsona guztiak zaku berean sartu, pertsona ona den hartu behar dugu kontuan, egoeraz eta laguntzez aprobetxatzen den... Nik, adibidez, ez dut inoiz ezer hartu, soldata nire enpresak ordaintzen didalako, pisua, autoa eta behar dudan guztia.
Krisi sakona dago Europan. Zelako eragina du Eslovakian?
Langabezia %13ra igo da. Ona dugun gauza da han auto-egile asko daudela, eta lana ere bai. Sektoreari dagokionez, Europar Batasunean egon den bigarren igoera nabarmenena Eslovakiak eduki du. Gainera, nire enpresak autoak ez ezik tximiniak eta txapazko armairuak ere egiten ditu.
Estresagarria da hara eta hona ibiltzea?
Ez, oso erritmo antzekoa dago Europako herri guztietan, eta berehala ohitzen zara.
Europako herri guztiak ezagutzen dituzu, zein da onena bizi izateko?
Eslovakia ez, estres handia dagoelako. Niri Itaila eta Espainiako iparraldea gustatzen zaizkit. Zuen paisaia asko gustatzen zait: mendiak, itsasoa... Denetarik duzue, hau inbidia! (kar, kar).
Leku zehatz batean finkatzeko gogorik?
Gaztea naiz eta bidaiatzea gogoko dut. Semea dut eta emaztea haurdun dago; laster erdituko da. Eslovakian daude orain, baina emazteari eta bioi ez zaigu inporta umeekin herri batetik bestera ibiltzea. Are gehiago, uste dugu beste herrietako kulturak, hizkuntzak, lagunak... ezagutzea oso aberasgarria dela haientzat. Hala ere, nik beti esaten dut Zamudion alokairuko etxebizitza dudala; eta Eslovakian, etxea. Bai, nagusitzen naizenean, etxean betiko egon nahi dut, nire familiarekin egon nahi dut, nire lagunekin, nire sustraiekin...