Zamudion emakume bati eraso zion ustezko egilea atxilotu du Ertzaintzak

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 12a, 12:55

Irailaren 2an, neska batek mutil bat salatu zuen, Zamudion bortxatzen saiatu izanagatik, eta atzo Ertzaintzak iragarri zuen ustezko egilea atxilotu zuela Barakaldon. Mutilak 19 urte dauzka eta talde kriminal bateko kidea izatea ere leporatzen diote. Taldeak 28 lapurreta egin omen ditu Balmaseda, Laudio, Muskiz, Durango eta Erandioko etxeetan.    

Neskak salaketan esan zuenaren arabera, Interneten bidez ezagutu zuen mutila. Irailaren 2an, Zamudioko parke batean gelditzea erabaki zuten eta elkartu zirenean, mutilak beste leku lasaiago batera joateko proposatu zuen. Neskak ezetz esan zion, baina mutilak indarrez eraman zuen sasi artean. Han lurrera bota zuen, zirriak egin zizkion eta prakak kendu nahi izan zizkion. Mehatxuak ere egin zizkion. Neskak, ordea, mutilaren kontra borrokatu zuen eta ihes egitea lortu zuen. Salaketa egun berean egin zuen Ertzaintzan.

Irailaren 9an, Zapata gorriak Zamudioko talde feministak elkarretaratzea antolatu zuen herrian, gertaera salatzeko. “Ezin digute ukatu kaletik ibiltzeko askatasuna”, esan zuten. Era berean, Igotz Lopez alkateak hau idatzi du Facebooken: “Argi utzi nahi dugu berriz erasotzaileak soberan daudela gure herrian, gure kaleetan eta gure gizartean ere. Bakarrik daude eta epaileen aurrean erantzun beharko dute. Ez, ezetz da!”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).