Roxall Zamudioko enpresako langileak greban daude, hitzarmen propioa lortu nahi dutelako

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 13a, 10:31

ELA sindikatuak prentsa-oharra zabaldu du, Roxall Zamudioko enpresako langileak greban daudela jakinarazteko. Lehengo astean egun bitan egin zuten greba; aste honetan, hiru egunetan; hurrengoan lau egunetan egingo dute; eta iragarri dute urtarriletik aurrera greba mugagabea izango dela. “Prekarietatea gainditzeko hitzarmen propioa lortu nahi dugu”, jaso dute oharrean.  

Gaur egun, Kimiketako Estatuko hitzarmena dago indarrean, baina hori enpresako zuzendaritzarekin negoziatu eta hobetu nahi du ELA sindikatuak. Roxallekoek, ordea, “uko egin diote negoziatzeari eta jazarpen sindikala, mespretxuak eta errespetu faltak” adierazi dituzte. “Azken egunetan jazarpen-kasu bat izan dugu. Langileen ordezkari batek baja hartu behar izan du, enpresaren arduradunen presioa dela eta. Kasua Lan Ikuskaritzan salatu dugu”, aipatu dute. 

Ez da salaketa bakarra izan. Sindikatuaren esanetan, enpresak beste neurri batzuk hartu ditu grebaren aurka, “besteak beste, kanpoko langileen kontratazioa grebalariak ordezkatzeko”. ELAk exijitu dio Ikuskaritzari “bere lana egiteko, eta ahalik eta arinen, grebalarien eskubideak bermatzeko”.

Roxall nazioarteko enpresa alemaniarra da eta farmazia-produktuak saltzen ditu. Aikor! aldizkaria harremanetan jarri da Zamudioko zuzendariarekin, baina ez digu erantzunik eman.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).