Hegaztien mugimenduak antzemateko Estatuko lehenengo radarra jarri dute Loiuko aireportuan

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 15a, 13:16

AENA aireportuko enpresa kudeatzaileak radar berri bat ezarri du Loiuko aireportuan, hegaztien mugimenduak antzemateko Estatuan jarri den lehenengoa, hain zuzen ere. Horrek hegaztiek aireportuan sortu ahal dituzten arriskuak ekiditea du helburu. Horrelako radarrak Berlin, Frankfurt eta Amsterdam hirietako aireportuetan ere badaude. 

Azken urteotan, putreek arazoak sortu dituzte aireportuan eta inguruko herrietan, inoiz hegazkinen kontra talka egin dutelako. 2018an, Txorierriko udalek Trantsizio Ekologikoaren Espainiako Ministerioari eskatu zioten arazoari konponbidea ematea, eta Facua Euskadi kontsumitzaileen elkarteak ere eskatu zion AENAri neurriak hartzea, aireportuan putrerik ez egoteko.

AENAk adierazi du radarrari esker hegaztien ibilbideak ezagutuko dituztela. Lehenengo hilabeteetan radarraren emaitzak aztertuko dira, bere eraginkortasuna neurtzeko. AENAk berrikuntzaren aldeko apustua egin du bere plan estrategikoan, eta radarra ezartzea horren barruan dago. Horrela, AENAk eraginkortasun eta segurtasun handiagoa eskaini nahi du. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).