Flexixek zigorra jaso du “agente kimiko jakin batzuei dagozkien arriskuak osorik ez ebaluatzeagatik”. Sindikatuak oharra argitaratu du horren berri emateko eta han adierazi du enpresak ez duela lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia bete. Izan ere, Flexixek ez ditu “arrisku-ebaluazioak eta, hala badagokio, eguneratzeak eta berrikuspenak egin, ezta langileen lan-baldintzen eta jardueraren aldizkako kontrolak ere”. Era berean, beste zigor larri bat jarri diote, “karga fisikoaren ondoriozko arriskua ez ebaluatzeagatik”; hau da, “langileek kargen eskuzko manipulazioak jarrera behartua zutela egiten zuten”.
Beraz, Lan Ikuskaritzak laneko arriskuak prebenitzeko plana hobetzea eskatu dio Flexixi. “Prebentzio-jardueraren plangintzan, zarata murrizteari dagokionez proposatutako neurri bakoitzerako, kostua, arduraduna eta aurreikusitako ezarpen-data sartu beharko ditu enpresak". Gainera, Flexixek plana gauzatzeko epea adierazi behar ditu, baita behar diren giza baliabideak eta materialak eskaini ere. Era berean, enpresak bermatu behar du langile bakoitzak prebentzio-arloko prestakuntza teoriko eta praktiko egokia jasotzen duela. Azkenik, Flexixek neurri egokiak hartu beharko ditu, langileek agente kantzerigenoek kutsatzeko arriskua dagoen lan-eremuetan ez edateko edo jateko.
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea duela 27 urte jarri zen martxan, baina LAB sindikatuak esan du patronalarentzat ez duela baliorik. Hala ere, LABek bere konpromiso adierazi du urratze guztiak salatzeko eta “langileen osasuna bermatzeko”.